28.10.2026

Giza eskubideak, bidebako muga-politiken ordez, ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan

2026an, 'Bizkaia isilik' bilkuren hamargarren urteurrena ospatzen dihardugu Bilboko eleizbarrutian. 2016ko maiatzean egin ziran lehenengo bilkurak, migrazinoen arloan jarduten daben askotariko eleiz erakundeek osotzen daben Migrazinoetarako Mahaiak bultzatuta, isiltasunaz baliatuz etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidebakokeriak salatzeko. Gaur egun, hilaren azken eguaztenez egiten dira bilkurak, 19:30etan, honako lekuetan: Bilbon (Arriaga antzokiko plaza eta Ibarrekolandako plaza), Galdakaon (Iturrondo plaza), Durangon (Andra Mari eleizpea), Balmasedan (San Severino plaza), Portugaleten (Gregorio Uzkiano kalea), Barakaldon (Bide Onera plaza), Getxon (Telletxe plaza, metroaren ondoan) eta Zornotza-Amorebietan (Herriko plaza).

Antolatzaileen esanetan, aurton, Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundeak emondako datuen arabera, 2.500 lagun inguru hil edo desagertu da Mediterraneoan eta Mendebaldeko Atlantikoan. “Ezin dogu ezikusiarena egin zoritxar honen aurrean”.

Urriko bilkuran be eskaera egingo jake doakien herri erakundeei: “indargabetu dagiela atzerritarren legea, Europara bizirik heltzea lortzen dabenak irregulartasun administratibora bultzatzen ditu-eta. Muga-politika anker eta bidebakoaren ordez, Giza Eskubideak ezarri dagiezala eskatzen dogu”.

Deitzaileek nabarmentzen dabenez, etorkin eta errefuxiatu askok kontratu barik lan egiten dabe eta ikusezin bihurtzen dira. “Beraz, ezinbesteko da langile lez dagokien duintasuna autortzea. Behar-beharrezko dabe, gainera, lana, etxebizitza duina, osarun-arreta eta aterpea jadestea, eta babes eta bakea euten etxera bueltatu ahal izateko”. 

Hurrengo deialdia: Azaroak 18, eguaztena, 19:30etan.

Bilkura Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrealdean