Agerkarian, lekuko Eleizak, herritarrek Eleiza hurko, konprometitu eta solidarioa eskatzen daben testuinguruan, pobretasun eta ahultasunezko egoerei emon deutsen erantzuna jaso da kopuruetan.
Bizkaiko Eleizak 115.884 laguni lagun egin eutsen 286 laguntza-zentroren bidez 2025ean. Kopuruaren atzean, ekonomia-zailtasunak dabezan pertsonak dagoz, lana bilatzen dabenak, euren etxea iztera behartu dabezanak edo laguntasuna behar dabenak aukerak berreskuratu eta etorkizun hobea eraikitzeko.

Joan dan ekitaldian, 9.386 laguni eskeini eutsien arreta pobretasuna arintzeko zentroetan eta beste 6.653 lagunek laguntasuna jaso eben lanaren sustapenerako bitartekoetan. Horreei milaka migratzaile eta etorkini, adin txikikori, ahuleziazko egoeran dagozan emakumeri eta mendekotasun, gaixotasun edo desgaitasunen jasaileri eskeinitako arreta gehitu behar jako.
Harrera eta akonpainamendurako egiteko hau bizkaitar gizartearen ardura nagusietako batzukaz bat dator. 2025eko irailean Ikerfel etxeak Bilboko Eleizbarrutiarentzat egin eban azken pertzepzino-azterlanaren arabera, herritarrek %51ak oso edo nahiko garrantzitsutzat joten dau Eleiza katolikoak pobretasunaren aurka eta pertsona ahulenen alde egiten dauana preocupaciones de la sociedad vizcaína.
Kopuruei aurpegia jartzen deutsien istorioak
Mendekotasunek eragindako arazoak dabezan pertsonei eskeinitako arreta da konpromiso horren adierazpenetako bat. 2025ean, 1.854 lagun artatu ebezan bost zentrotan. Arlo horretan jarduten dau, besteak beste, aurton 40. urteurrena ospatzen diharduan Gizakia fundazinoak, 1985ean sortu zanetik 35.000 lagun baino gehiagori lagun egin deutsenak.

Pertsona bat, etorkizun bat goiburuak laburbiltzen dau tratamentutik harago doan lanaren sena: pertsona bakotxari bere burujabetza berreskuratzen lagundu eta bizitzarako egitasmoa eratu. Honan azaldu dau barriro hasteko aukera emon eutson Gordexolako Komunidade Terapeutikoan egon zan emakume batek: «Sei hilabetez neure etxe be izan dan Komunitate hau, azkenean, nik familiatzat hartzen dodana izan da».
Caritas Bizkaia: 70 urte alkartea ehunduz
Caritas Bizkaia erakundea da gizarte ekintzaren erreferenteetako bat. Erakundeak 70. urteurrena ospatzen dihardu, alkartearen eraikuntzari eta giza eskubideen defentsari begira. Gaur egun, 1.800 boluntariotik gora dauka eta lurralde osoan jarduten dau lekuan lekuko 250 egitasmoren bidez.
Bizkaiko bizitzan txertatutako Eleiza
Gizarte ekintza, dana dala, hedatuago dago gizartean. EBI sareko Eleizbarrutiko ikastetxeek 13.081 ikasle daukiez eta oroitza-txostenean jasotako beste hainbat ikastetxe katolikotan milaka ikasle gehiago dako eskolatuta.
Pastoralgintza 288 parrokiaren inguruan eratzen da, abade, lekaide eta lekaime, pastoral mandatudun laiko eta katekisten eskutik. Eguneroko esku-hartze honi munduko beste hainbat errealitateren aldeko konpromisoa gehitu behar jako, esate baterako Esku Elkartuak bezalako erakundeek bultzatzen dabezan garapenerako lankidetza-ekimenen bidez.
Eleizaren agerpena kultur eremura be hedatzen da, eta arlo honetan, oroimen historikoa jagoteko eta zabaltzeko eginkizunean, 50. urteurrena ospatzen ari dan Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboa da erreferente nagusia.
Guztion konpromisoa euskarri dauan egitekoa
Arreta, heziketa eta akonpainamendurako sare honi eusteak sekulako ahalegin handia eskatzen dau ekonomia-arloan.
2025ean, 82,06 miloe eurotako sarrerak izan ziran Bilboko Eleizbarrutian. Hiru eurotatik bi (%67) eleizbarrutiko ikastetxeetatik datoz eta hamarretik bat (%10,5) laguntza eta gizarte jardueratik. Ondaretik sarreren %7,5 dator, batez be, gehien bat gizarte alokairura zuzendutako eraikinei esker. Fededunen ekarpenak (diru-batzeak, harpidetzak eta dohaintzak), %7,1 dira eta zerga-izendapena %5,8. Gainerako %2,2, ezohiko sarreretatik dator.
Beren-beregi parrokiei lotutako pastoralgintza aztertu ezkero, alkarte sinistedunaren garrantzia askoz handiagoa da. Zerga-izendapen, dohaintza eta diru-batzeek sarreren erdia baino gehiago (%56) eragiten dabe. Dirulaguntza publikoak dira bigarren iturria, %19agaz eta ondoz ondo datoz beste sarrera batzuk, batez be, gizarte alokairuak (%9), zerbitzu eta salmentak (%6), finantza-sarrerak eta ezohikoak (%5 bakotxak).
Laburbilduz, pastoralgintza aurrera eroateko erabilitako lau eurotatik hiru Eleizari berari lotutako bitartekoetatik datoz: fededunen ekarpenak eta ondarea. Bateatuen ardurakidetasuna da, beraz, Eleizbarrutiko pastoral bizitzaren zutabe nagusia.







