Lekuko Eleizan bizi dan sinodo-aldiaren abiapuntua agiri hau da “Sinodo-seneko jardunbideetan aurrera eginez”. 190 taldetan banatuta, prozesuan parte hartu eben 1.889 lagunek egin eben entzute-ariketatik sortutako zazpi lan-ildoak jasotzen ditu.
Orain, alkarte bakotxak gitxienez jardunbide bat aukeratu behar dau (Ekintza kateatuak, hemen).
Honeek dira beste hiru ildoak: ardurakidetasuna, emakumeen aitzindaritza eta gazteria. Alkarte bakotxak erabakitzen dauanean jarriko dira martxan.
Harrera egitea: Etxea zabalik
«Sarritan, harrera egitekotzat hartzen da». Diagnostiko honek emon deutso hasiera Osoko harrerarako egitasmoari. Pertsona bere osotasunean hartuta hartuko daben taldeak proposatzen ditu, Caritasi lotuta dagozan taldeak eta alkarte osoaren esku-hartzea sustatzen dabenak.
«Osoko harrera ez da talde baten egitekoa bakarrik, kristau alkarte osoarena baino»
Caritasen, katekesian edo sakramentuen prestaketarako hartzen dabezanak batuz hasiko da bidea. Gero, “harreren mapa” osotuko da, zerk funtzionatzen dauan eta zer falta dan ikusteko. Harrera egiten jakenei be entzun behar jakela esaten da, aparteka arreta eskeiniz adin txikikoei, gazteei, familiei, migratzaileei eta desgaitasunen bat dabenei. Azkenean, otoitzaldia egingo da Emauseko pasartearen haritik.
Osoko ekologia: Lurra eta pertsonak zaindu
«Luraren garrasia eta txirotuen garrasia ezin dira bereizi». Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzak uste sendo hau hartu dau abiapuntutzat bikaritzetara osoko ekologiarako egitasmoa eroateko.
«Dana dago lotuta. Eta gure kristau erantzunak be holan egon behar dau»
Ez da gauza handirik egin behar, konpromiso txiki bat egin, bete eta ebaluatu: argiaren kontsumoa aztertu, gauza iraunkorrak erabili… Kontua alkarregaz bide egiten hastea da.
Heziketa bost minututan… edo bost saiotan
Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak (ETPI) heziketa-eskeintza elebidun eta malgua aurkeztu dau.
«Parte-hartzea, ardurakidetasuna, eginkizuna»
Lan-ildo hau aukeratu dagien ekipo ministerialak bikaritzako saioan batuko dira bereizketaren eta erabakiak hartzearen inguruan jarduteko. Cario Vitali teologoak eskeiniko dauan hitzaldia be programatu da.
Ebaluatu errudunik bilatu barik
Gardentasunari buruzkoa da proposamenik barriena. Eleizbarrutiak orriak eskeini ditu erantzukizuna daben pertsonek, taldeek, e.a. euren lana ebaluatu dagien, beste batzukaz kontrastatu, ze aldatu behar dan ebatzi eta aurrera pausuak emoteko.
«Hobekuntza gitxi, baina zehatzak: hobe hamar asmo on baino benetako urrats bi»
«Kontua ez da inori nota ipintzea edo errudunak bilatzea», argitzen dau agiriak Leon XIV.a aita santuaren deia jasotzeaz batera: «gitxiago egin eta hobeto egin». Pertsonen ebaluazinoak isilpekoak dira eta talde eta egitasmoen ebaluazinoaren laburpena argitaratuko da.
Ekainari begira
Alkarteek apirilera arteko epea dabe ekintzak garatzeko. Maiatzean, aurrerapenak jasoko dira eta 2027ko ekainaren 12an sinodo-seneko ekintzen inguruko ebaluazinoa egiteko Batzar Nagusia ospatuko da. Jarduera bat egin dan ala ez ikusteaz gainea, zer aldatu dan eta bidean Eleiza izateko ze era barri sortu dan ikusiko da.






