22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Peli Romarategui Urkiolako altararen egilea hil da
16.01.2023

Peli Romarategui Urkiolako altararen egilea hil da

Peli Romarategui domeka goizaldez hil da 100 urte ebazala, Vitoria-Gasteizko Joaquin Goikoetxeaundia abade-etxean. Misino-bokazinoz, 1955ean joan zan Ekuadorrera eta 30 urte emon ebazan bertan. Bizitzan, ibilbide luzea izan dau, misiolari eta artista lez eta makina bat artelan egin izan dau, oso esanguratsu eta garrantzitsuak, bai Euskal Herrian eta bai Ekuadorren be. Gure Eleizbarrutian, Urkiolako santutegiko altarako mosaiko ikusgarria da aitagarrienetakoa. Jose Maria Muñoz abadearen diseinua Pelik gauzatu eban, eta beste hainbat artelan be alkarregaz burutu eben. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur arretsaldeko zazpietan ospatuko da Gasteizko Seminarioan, On Joseba Segura Euskal Elezibarrutietako Misinoetarako gotzain arduraduna buru dala. Bihar, urtarrilak 17, lurperatuko dabe Urkiolan goizeko 10:30etan, hain zuzen be San Antonio egunez, eta bertan batu daitezan guztiek izango dabe gogoan Peli, Urkiolari hain lotuta egoana. Gogoan dabe Ekuadorren be. Han, bisitan dagoan Juan Carlos Pinedo misiolariak Eukaristia ospatu eban atzo Peliren oroimenez San Vicente eta San Isidro parokietan eta datorren domekaz Bahian ospatuo dau. Pinedoren esanetan, "leku kutunak dira beretzat. Bihotzez gogoratzen dogu eta otoitz egingo dogu bere alde".

Romarateguik (Vitoria-Gasteiz, 1922ko urtarrilak 30 / 2023ko urtarrilak 15) makina bat artisau-lan egin eban behira, egur eta marmolez. El Campilloko eta Camino de Aliko eskoletan hezi zan eta, gero, Arte eta Ofizioen Eskolan. Gaztaroan, ebanista, zurgin eta dekoratzaile izan zan.

Artea eta gizarte konpromisoa izan ziran, besteak beste, bere bizitzako ardatak. Gaztetan, Ekintza Katolikoko Gazteria sailean egon zan, eta Gasteizko Eleizbarrutitik adierazo dabenez, “bertatik gizarte sarea sortu eban, eta baita erlijiosoa be, gizarteko baztertuenen eta behartsuenen ondoan egoteko”. Diktaduraren aurka agertzeagaitik, kartzelan emon ebazan urte bi eta han ikasi eban eukerea. 

1955ean, kartzelatik urten eta Ekuadorrera joan zan misiolari. Hogeta hamahiru urte emon ebazan han, askotariko lanetan, eta batez be artisau-lanetan. Larogeiko hamarkadaren amaieran bueltatu zanean, Urkiolara joan zan han egoan misino-taldean bizitzera. Eta Urkiolan eraiki eban, seguruenik bere lanik garrantzitsuena: Altara nagusiko murala, 170 metro karratuko azalera dauana, 850.000 teselaz eta 14 beiratez osatua.

Ehun urte beteak

Iaz, urtarrilean, bere ehun urteen ospakizunean, omenaldia egin jakon eta bere bizitza luzean beragaz bat egin eban makina bat lagun batu zan, senide. lagun eta kide. Gasteiz eta Bilboko gotzainak be hantxe egon ziran. Pelik berak esker ona adierazo eban jasotako maitasunagaitik: “Eskerrik asko nire 100. urtebetetzean hemen egoteagaitik eta erakutsitako adiskidetasunagaitik. Vitoria-Gasteiz urian jaio nintzan, hementxe igaro neban haurtzaro eta gaztaroa, Aguirre aroztegian lan egin neban eta gure Euskal Heria maite izan neban. Misino-senez, Ekuadorrera joan nintzan eta 30 urte emon nebazan bertan, eta Euskal Misiolarien Taldearen maitasuna eta babesa jaso nebazan. Hantxe garatu neban artisau-lana bizileku genduzan eleiza eta lekuak apainduz eta edertuz”.

Romarategui
Peli Romarateguiren murala Bahia de Caraquez-Manabiko kaleetan

Euskal Herrira bueltatu zan garaia be gogoen eban Pelik: “Urkiolara heldu eta bihotzean itsatsita geratu jatazan lanak burutu nebazan basilikan. Gasteizera itzuli ta Joaquin Goikoetxeaundia abade-etxean bizi naz. Eta beti sentitu izan dot familiaren maitasuna eta babesa. Nire esker ona adierazo gura deutset bizilagun izan dodazan eta gizarteko behartsuenen alde egiten lagundu deusten guztiei. Ecuador ta Urkiola, Sendia, nire Egotetxea, DENOI MILA ESKER AUNITZ, bihotz biotzetik, zuen bideko laguna onhartu ninduzutelako”.

Oroitzapenezko murala

Peli Romarateguiren mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean, 2022an tamaina handiko murala jarri zan Vitoria Gasteizko erdigunean. Verónica Werckmeister muralgileak osatu eban Urkiolako erretaularen zirriborroa abiapuntutzat hartuta. Pelik asko eskertu eban autopena eta bere egin ebazan muraleko berbak: “Solo si amamos nuestra tierra podemos amar otras tierras–Bakarrik gure lurra maite badugu, maite ditzakegu beste lurrak”.

Oroitzapenezko murala Gasteizen

Erakusketa

Orain dala urtebete, 2022ko urtarrilaren 14an, “Peli Romarategi misiolari eta artisauak 100 urte” erakusketa zabaldu zan Gasteizen. Artisau gasteiztarra egindako hainbat mosaiko eta beirate agertzen eban erakusketaren inguruan, artistaren eta bere legatuaren inguruko hainbat berbaldi be ospatu zan, Juan Ramon Etxebarria bere misiolari lagnaren eskutik. Honek, Pelik Ekuadorren egindako mural eta beirateen inguruan jardun eban. Pablo Mora ekuadortar artisauak be jardun eban eta honek Manabiko probintziako Pedernaleseko Maria Auxiliadora andetar eleizako beiratearen berreraikuntza aztertu eban. Beirate honek kalte handiak izan ebazan 2016ko lurrikaran.

Gainera, Peliren mendeurrenaren inguruan, bere artelanen inguruko “La cara oculta de la belleza” liburua osatu eta berrargitaratu egin zan.

“Peli Romarategui misiolari eta artistak 100 urte” erakusketaren hasierako ekitaldia
Romarategui gurpil-aulkian, bere lanari eskainitako erakusketaren inaugurazinoan, Gasteizen, 2022ko urtarrilean.

Ekuadorreko Gotzainen Batzarraren Batzar Nagusian

Beste alde batetik, 2022ko urrian, Juan Ra Echevarria misiolari arabarrak “Peli, misiolari eta artisau. 100 urte” lana aurkeztu eban Ekuadorreko Gotzainen Batzarraren Batzar Nagusian.

Etxebarriak Peliren ideiaren bari emon eban: artea lekurik pobreenetara eroan, eta hau “oso gustuko izan eben”, hau da, “gustatu egin jaken artearen bidez ebanjelizatzeko ideia. Eta baita ebanjelizatzailea laikoa izatea be. Laiko baten konpromiso misiolari eta artistikoa asko baloratzen eben, izan be, laiko horrek katekesia emon eikean zein pastoraltzar arduratu edo eleizetarako artelanak egin, beti isilik, pazientziaz, iraunkortasunez, eskuz, gertutasunez, pobreen ondoan, lan eginez”. 

50, 60 eta 70eko hamarkadetako misiolarien taldearen ahalegina baloratu egin eben, “kultu-etxeak edertu eta duintasunez beteteagaitik”, azken batean, herri apal ha baloratu egiten ebelako eta, horri lotuta, kultura montubia bera, Euskal taldeak Peliren esku itzi eban egiteko hau eta hango jendeak artelan honeek gordetea ezinbestekotzat jo eban. Ehun artelan dagoz Ekuadorren Pelik eginda: muralak, beirateak, altarak, sagrarioak, anboiak, sabai-leihoak.

Arabako Foru Aldundiaren autortza

Arabako Foru Aldundiak, “Blas de Arratibel” jardueraren 2020ko ekitaldian, kategoria barria sortu eta artisau-lanari eskainitako ibilbideari emon eutsan saria. Pelik jaso eban lehenengo autormen hau.

Peliri buruzko dokumentala 90. urtebetetzean

https://youtu.be/ZIo41yAtuqM

Alkarrizketa Aldundiaren autortzaren aurrean

https://vimeo.com/486324763

Goian bego eta Egun handira arte!!!

Peli Romarategi.