22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Gizaldiz gizaldi Eleiza eraikitzen dihardugun emakume guztion alde”
08.03.2023

“Gizaldiz gizaldi Eleiza eraikitzen dihardugun emakume guztion alde”

Bilboko gotzaina buru dala ospatu dan ekitaldian, 5. urtez jarraian, Eleizbarrutiko hainbat arlotan jarduten daben 8 emakumeren konpromisoa autortu da. Zortzi emakumeok indarrean dan Ebanjelizatze-egitasmoaren lau erronken -zerbitzatu, ospatu, iragarri eta alkartea eraiki- inguruan buru-belari ari dan beste hainbeste ordezkatu dabe.

Bilboko gotzainak 8 emakumeei egin jaken autorpena dala-eta, zera esan dau: “Ekitaldi honetan, askotariko eleiz eremuetan jarduten dauan emakume anonimo askori hitza emon eta izena jarri gura deutsagu”. Hau da, gaur autorpena jaso dabenei eta, urteak joan, urteak etorri, isilean, era anonimoan zerbitzari izan dan beste hamaikari. Ideia bera nabarmenduz, gotzainak Virginia Woolf idazlearen berbak gogora ekarri ditu: “historiaren zati handienarentzat, ‘anonimo’ emakumea zan”.

8 emakume 2023
8 emakume 2023

On Joseba Segura gotzainak, Ebanjelizatze-egitasmoa beren-beregi aitatuz, esker ona adierazo deutse askotariko arloetan, “kolore aniztasuna eurenganatuz” jardun eta autorpena jaso daben emakumeei. Euren zerbitzuaren, iragarpenaren, ospakizunaren eta “alkarteari emondako adorearen” bidez eskaini daben lekukotasunaren garrantzia azpimarartu dau. 

Munduko emakumeak eta, bereziki, Iranekoak

Bilboko gotzainak, bere berbaldian, gogoan izan ditu “emakume eta neskato anonimo” guztiak. Gaur egun be, gerren biktima nagusi diranak. Emakume errefuxiatuak be gogoan izan ditu, “indarkeria fisiko eta sexuala jasaten” dabenak. Egun berezi honetan, gotzainak neskato askok eta askok bizi dauan egoera be salatu dau: “ukatu egiten jake heziketa eta askatasuna”, eta horreen artean, Iraneko eskoletan pozoitzen diharduen neskatoak aitatu ditu.

Javier Onaindia Eleizbarrutiko irratietako zuzendariak aurkeztu dauan ekitaldi publikoan, Beti Jai-alai taldeko June Peñak ohorezko aurreskua dantzatu deutse omendutako 8 emakumeei. Miren Josu Arriolabengoa HOAC mobimentuko (Ekintza Katolikoko Langile Ermandadea) kideak  lagundu deutso txistuagaz. Jente ugari batu da aurton omenaldian eta kopau bat hartu eta solasean jarduteko aukera izan dabe azkenean, Lapiko Catering gizarteratze-laneratzea sustatzen dauan etxeak zerbitzatu dauan lunchean.

https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1633432499790462976?s=20

Maribel Salcedoren esker oneko berbak

Maribel Salcedok, danen izenean eskertu dau autorpena. Gogoan izan ditu, gaur ekitaldian izan ez arren, isilean eta era anonimoan Eleizaren zerbitzura dagozan emakume guztiak.

Maribelen esanetan, “ez dago ez zerbitzurik, ez iragarpenik ezta ospakizunik be bardintasun barik. Ez dago alkarterik emakumeen presentzia eta protagonismo barik. Hemen gara!”.

Ana Rosa Barrios Toño Peña artistak egindako oroigarria jaso dauan emakumeetako batek emon deutso amaiera ekitaldiari, bardintasun eta aniztasunaren garramtzia azpimarratu dauan ipuina kontatuz.

Emonaldia osorik, hemen:

https://youtu.be/4jiMGYlRNZk
https://twitter.com/DiocesisBilbao/status/1633445223467474945?s=20