24-04-2024 Miércoles, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Martxoaren 8an, Eleizbarrutiak 8 emakumeren konpromisoa autortuko dau
06.03.2023

Martxoaren 8an, Eleizbarrutiak 8 emakumeren konpromisoa autortuko dau

Etzi -martxoak 8, eguaztena- Bilboko Eleizbarrutiak ekitaldi instituzionala ospatuko dau, gotzaina buru dala, zortzi emakumeri euten fededun konpromisoa autortzeko. V. ekitaldi honetan, euren eguneroko egiteko eta zerbitzuan Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoaren oinarrizko erronkak -iragarri, ospatu, zerbitzatu eta alkarteari lagundu- sustatzeari lotutako ekintzak burutzen dabezan emakumeak agertu gura dabez. Horren haritik, autorpena egingo jaken zortzi emakumeek Toño Valdivieso artistak egindako "oinatza jasoko dabe, gure alkarteetan eragile dan beste askoren izenean. Ekiatalida 12:30etan izango da, Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian, eta zuzenean emongo da web honen bidez.

Martxoaren 8an, V. ekitaldi honetan autorpena jasoko daben emakumeak konprometituta dagoz Bizkaiko Eleiza eta gizarteagaz. Zortzi emakume honeek boluntario lez alkartearen alde jarduten dauan beste hainbat emakume ordezkatzen dabe.

Ana Mari Garcia Bajo Zorrotzako Ama Birjina Mirarigilea parrokiako alkarteko emakume eragilea da. Ospakizunetan laguntzen dau eta Bizkaiko Caritasi lotuta egon da.

Inmaculada Gallastegi, Elorriokoa, bide-erakusleetako bat euskeraz egiten dan irratigintzan. Gotzainen idazkari izan zan 35 urtez eta gaur egun euskerazko mezetan laguntzen dau Begoñako alkartean.

Ana Rosa Barrios, Zornotzako kristau alkartean konprometituta dago Venezuelatik etorri zanetik, Fede-zabalkunde eta Katekesirako taldeko kide da.

Olatz Etxezarreta Artxandape alkarteko kide gaztea. Andereñoa da, laguntzailea Kristau Sarbideko prozesuetan eta erreferentzia talde bateko kidea.

Pili Garcia, konprometituta dago Erandioko parrokiagaz eta udalerriagaz eta Caritaseko boluntario izan da. Gaur egun, Bake eta Adiskidetzearen arloan gauzatzen dau bere konpromisoa.

Mari Angeles Domercq, Kidendan boluntario zala, Ipar-Hegoaldea ikastaroa egin eban eta, amaieran, lehenengo esperientzia bizi izan eban Ekuadorren. Bueltatu eta Guayaquileko misinoko harrera-etxean lagundu eban. Gaur egun, pertsona nagusiei laguntzen deutse Bizkaiko Caritasen ‘Bizi bete’ zentroan.

Maribel Salcedo Arratia Pastoral Barrutiko kide eraginkorra da. Caritaseko boluntarioa da Igorren eta konprometituta dago inguruagaz eta kristau alkarteagaz.

Maribi Uribe da bere antzera misinoan jardun daben eta jarduten diharduen pertsonak ordezkatzen dituana. Berrizko Mesedetako Misiolari hau erreferentea da Matienako parrokian.

Ekitaldia, zuzenean emongo da web orrialde honen bidez

‘Aizu!!!’ agerkaria

Martxoaren 8a dala-eta, Langile Pastoraltzak ‘Aizu!!!’ barria kaleratu dau, emakumeek Eleizan eta gizartean bizi daben egoeraren inguruan ohartarazoz.

Besteak beste, aldaketa eskatzen dauan hainbat errealidade jasoten da

  • B.E.an, emakumeek, batez beste, gizonek baino %13 gitxiago, hau da, urtean hilabete eta erdiko soldata izango litzatekena (47 eguneko soldata, UGTren txostenaren arabera), kobratzen dabe.
  • Estatuan, legez kontrako baldintzetan lanean diharduen atzerriko langileen %23 emakume etxe-langileak dira. 40.000 emakume inguru barneko langile da, arlo horretan diharduenen %7,5 eta %92 atzerritarrak dira (Carlos III.a unibertsitatearen txostena migrazinoari buruz).
  • Joan dan abenduaren 27an, Rebeca erahil eben Bilbon. 2022an, Estatuan 49 emakume hil dira genero-indarkeriaren eraginez. Urte honetan, gaur arte, 8 emakume erahil dabez. Euskadin, 5.144 emakumek jasoten dabe era bateko edo besteko babesa Ertzaintzaren aldetik (Eusko Jaurlaritza).
  • Mundu osoko Eleizan, emakumeen %3,8ak baino ez dau karguren bat Eleizan. %41,9a katekista dira.

Eleiza gizalegezko lanaren alde

Hainbat eleiz erakundek sustatzen dauan ekimen honek agiria kaleratu dau martxoaren 8aren inguruan. Bertan, gizartearen antolakuntzan aldaketa aldarrikatzen dabela dinoe. Eskaera egiten dabe, “emakume eta gizonok bardintasun, duintasun, askatasun eta segurtasunez jardun daigun”. Laneko behin-behinekotasunak batez be “emakumeak erasaten” dituala nabarmentzen dabe. Soldata-arrakala be bistakoa dala dinoe eta emakumeek, batez beste, gizonek baino %18,7 kobratzen dabela.