09-12-2024 Lunes, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Euskal Eleizbarrutietako MIsinoek Eleizbarruti arteko misino-artxiboa inauguratu dabe
06.03.2023

Euskal Eleizbarrutietako MIsinoek Eleizbarruti arteko misino-artxiboa inauguratu dabe

Hirurogeta hamabosgarren urteurreneko ospakizunen artean, joan dan zapatuz, martxoak 4, Eleizbarruti arteko Misino-artxiboa inauguratu zan Gasteizko Seminarioan. Ekitaldian, Gasteiz, Donostia eta Bilboko Eleizbarrutietako misiolari ugari batu zan eta hantxe egon ziran, besteak beste, On Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzaina eta On Joseba Segura Bilboko gotzaina. Gainera, zazpi hamarkada honeetan egin izan diran misino-kanpainen irudiak jasoten dabezan panelez osatutako erakusketa ibiltaria inauguratu zan eta urteurrenaren inguruko jarduerak egin daitezan lekuetan ikusgai izango da. 

Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa

Saioaren hasieran, Satur Gamarra Gasteizko Seminarioko zuzendari espiritualak eta Anabella Barroso Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboko (AHEB-BEHA) zuzendariak jardun eben.

Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
Satur Gamarra eta Anabella Barroso, berbaldiaren ostean

Gamarrak orain dala 75 urte misinoetara joan ziran lehenengo misiolarien urteera gogoratu eban, ikasle zala, agurreko Eukaristian parte hartu eban-eta.

Satur Gamarrak misino-sena euskal Eleizbarrutietan sustraituta dagoala azpimarratu eban eta horren haritik misinoen historiaren errepaso zehatza egin eban. Hasieratik historia honen lekuko izan dan Los Rios aldizkaria be aitatu eban. “Eleizbarruti arteko senaren” ikur izan dan Urkiola be gogoan izan eban. Bere jardunari amaiera emoteko, esker ona adierazo eban misinoen “opariarengaitik”, izan be, bere esanetan, “gure Eleiza misiolari da, eta misiolari lez bizi behar dau”.

Anabella Barrosoren ustez, “euren etorkizunean sinisten daben erakundeek ondo antolatuta izan behar dabe artxiboa”. Baieztapen horregaz emon eutsan hasiera bere berbaldiari eta, besteak beste, hau be adierazo eban: “Guztiz esanguratsua da Euskal Eleizbarrutietako MIsinoek, euren 75 urteak ospatzeko ekitaldien artean, artxibo historikoa martxan jarri izana”. 

Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
Vanessa Jiménez eta Itziar Lafuente, Eleizbarruti arteko Artxiboko teknikoak Anabella Barrosogaz

Egitasmoa gauzatzeko lehenengo urratsak 2000ean emon zirala azaldu eban. Orduan, Euskal Eleizbarrutietako Misinoen (EEEEMM) inguruko agiri guztiak gordeteko Eleizbarruti arteko Artxiboa sortzea erabagi zan. Lehenengo, Urkiolako Lagunetxen artxiborako lekua atondu zan eta EEEEMMen funts historikoaren artxiborako bideak jarri ziran Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboaren eskutik. Funts hori Urkiolako Abade-etxean gorde zan, 2007an Lagunetxen lekua atondu zan arte artxibo-gordailu, liburutegi eta kontsultarako gela lez. 

Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa

2014an hiru Eleizbarrutiek sinatu eben akordioaren arabera, Artxiboa Gasteizko Eleizbarrutian kokatzea erabagi zan. Urkiolan egozan artxibo eta liburutegi funtsak Gazteizko Seminariora lekualdatu ziran. Argazki-funtsa eta Prokurena EEEEMMen Artxiboa jasoko eukean lekua atondu arte -2022ra arte- behin-behinean gordetzeko eskatu jakon Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboari.

Barrosok gordetako agirien aberastasuna nabarmendu eban: “Artxiboan, gutunak, hitzarmenak, akordioak, oharrak, biografia-datuak, txostenak, Urkiolako batzar-agiriak, prokuren sorrera, agerkariak, argazkiak, pastoral jarduerak, ekonomia-balantzeak, mapa geografiko eta etnografikoak, parrokiak eraikitzeko egitasmoak, batzarrak eta misinoetako pertsonen datuak. Euskal Eleizbarrutietako Misinoen bizitzaren isla dira eta orain, Gasteizko Seminarioan gordeta, ikerketaren zain dagoz”. Gauza guztien artean, argazkiak (negatiboak, positiboak, zuri-baltzean, kolorean) nabarmentzen dira, “argazki-funtsa deitutakoa, misiolariek Hego Amerikan edo Afrikan garatu daben pastoral jardueraren lekukotasuna emoten deuskuelako”. 

Gamarra eta Barrosoren berbaldien ostean, aurtengo “Hegoaldeko ahotsek”, hain zuzen be Consuelo Pillajo eta Blanca Vera ekuadortar monja marianitek, euren lekukotasuna eskaini eutsen bertaratutakoei.

Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
“Hegoaldeko ahotsen” lekukotasuna

Gasteizko gotzainak Artxibo barriaren lokalak bedeinkatu ebazan eta, ondoren, bisita egin zan. Aurretik, Itziar Lafuentegaz batera artxiboko teknikoa dan Vanessa Jimenezek burutzen diharduen prozesuen barri emon eutsen. Goizari amaiera emoteko, Eukaristia ospatu zan Gasteizko gotzaina buru zala, Seminarioko kaperan. 

Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
Eleizbarruti arteko Misino-artxiboaren inaugurazinoa
galeria ikusi (38)