24-04-2024 Miércoles, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
05.03.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Eleizbarrutiko asteko barriak jasoten dituan ‘Astekoak’ sailaren hasieran, Turtzioz bailarako Romañako San Pedro parrokiako Ama Birjinaren erretaularen erabarritzearen ingurukoak azaltzen dira.

Adi, adi! Alkarren barri!

Web orrialdean luze eta zabal agertu danez, kalean da ‘Alkarren Barri – Comunicación” aldizkariaren martxoko alea. Bertan, besteak beste, Eleizbarrutiak martxoaren 8an 8 emakumeri egingo deutsen autorpena eta Alberto Jaimez diakonoari eta boluntario biri beilatokietako pastoraltzaren inguruan egin deutsen alkarrizketa agertzen dira.

Bake Topaketaren ingurukoak edo Euskal Eleizbarrutietako Misinoen sorreraren 75. urteurrena be nabarmentzen dira martxoko aldizkarian.

Euskal Eleizbarrutietako Misinoen 75. urteurrena

Vitoria-Gasteizen inauguratu dan Eleizbarruti arteko Misino-artxiboari buruzko barriak be agertu dira bizkeliza.org webean. Honako jarduera hau, Eleizbarrutietako Misinoek euren 75. urteurrenaren inguruan egiten diharduen ekitaldien barruan dago.

On Joseba Segura Bilboko Gotzain eta Eleizbarrutietako MIsinoetarako gotzain ordezkaria izan zan, besteak beste, Gasteizko Seminarioan, Artxiboaren inaugurazinoan. 

Webean barri aitagarria izan da, gainera, Amazonasen defendatzaile diran lau emakumeren lekukotasuna. Transnazionalen aldetik euren herrialdeetan eta Amazonasen jasaten dabezan erasoak kontatu eta salatu ebezan, eraso horreen eraginak planeta osoan eragiten dabela nabarmenduz.

Makina bat jarduera asteburuan

Aitatutako inaugurazinoagaz batera, asteburuan ospatuko dan beste hainbat jardueraren barri emon da webean.

Lehenengo eta behin, Zornotzan eta Lekeition ospatu dan “Bake Topaketa”, Eleizbarrutiko beste hainbat lekutan joan dan astean egin zana. 

RTVEak, Hispanoamerikaren eguna dala-eta eta On Joseba Segura gotzaina buru dala, Bilboko San Anton eleizatik zuzenean emongo dauan meza be iragarri da web orrialdean.

Eta, azkenik, heziketaren arloan, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko begiraleek martxoaren hasieran ohikoa daben heziketa-saioaren ingurukoak be jaso dira webean.

Azken batean, hauxe da “Astekoak”, Eleizbarrutiko asteko barrien minutuko laburpena.