22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Laneko behin-behinekotasuna salatuko dabe gaur ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan
26.04.2023

Laneko behin-behinekotasuna salatuko dabe gaur ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan

Gaur be, hilaren azken eguaztena izanda, 'Bizkaia isilik' bilkurak ospatuko dira ohiko leku eta orduan, etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak agertzeko eta salatzeko. Arratsaldeko zazpiak eta erdietan izango dira, Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzquiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan, Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpan; Balmasedan, San Severino plazan eta Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan).

Etzi, apirilak 28, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Munduko Eguna ospatuko da eta datorren astelehenez, maiatzak 1, gizon eta emakume langileen eguna. Gainera, Bizkaian, joan dan domekaz, Gizalegezko Lanaren aldeko Eleizbarrutiko III. Eguna ospatu dogu.

Apirileko ‘Bizkaia isilik’ bilkuran, antolatzaileek azaldu dabenez, “gure inguruan bizi dan hainbeste lagunek, asko eta asko etorkinak, jasaten daben laneko behin-behinekotasuna gogoratu gura dogu. Lanean behin-behinekotasuna jasateak zera esan gura dau: laneko baldintzek ez dabela bizitza planifikatzen izten eta okerragoa dana, hilaren azkenera estutasun barik iristea edo hipoteka edo alokairua ordaintzea ezinbesteko egiten dabela. Eta gazteek, behin-behinekotasun hori dala-eta, egundoko arazoak dabez burujabetzeko”.

Behin-behinekotasunak eragiten dituan egoerak gogoratuko dira, izan be, azaltzen dabenez, hori jasateak “bizitzan segurtasunik ez izatea dakar, ahulezia, behar baino lehenago zahartzea eta hiltea. Egitasmoek porrot egiten dabe. Behin-behinekotasunean bizitzea, mehatxatuta bizitzea da, edozein unetan gure lekua beste edonork hartu leikela-eta, bildurrez bizitzea. “Zuk egiten ez badozu beste norbaitek egingo dau” entzun geinke edonon eta edonoiz eta hori txantaje hutsa da, langabetuen kopurua itzela dalako eta jentetza hori prest dalako soldata negargarriaren truke, baldintza negargarrietan, lana onartzeko, ezinbesteko dabelako bizirik irauteko”.

Maiatzeko bilkura, hilaren 31n izango da, ohiko lekuetan eta orduan.

Imagen: Ketut Subiyanto