21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bizkaiko Caritasek arreta eskaintzen deutse arazo kateatuak dabezanei
06.06.2023

Bizkaiko Caritasek arreta eskaintzen deutse arazo kateatuak dabezanei

Bizkaiko Caritasek 2022ko oroitza-txostenean jasoten diran datuak aurkeztu ditu gaur. Joan dan urtean, eleiz erakunde honek 11.922 laguni -gehienak, emakumeak- eskaini eutsen arreta, 240 egitasmoren bitartez. Hiru miloe euroko inbertsino soziala egin zan laguntza ekonomikoetan. Caritasen laguntza jasoten daben gehienak adin txikikoen ardura daben emakumeak dira eta honeekaz batera ume eta gazteak eta etorkinak. Eginkizun hau burutu ahal izateko, Caritasek 1.800 boluntario ingururen -200 barriak- eta 4.400 bazkide edo laguntzaileren laguntza izan dau.

Datuen aurkezpenean, Bizkaiko Caritasek bere arretaren jasotzaile diran pertsona gehienek jasaten dabezan arazo kateatuak nabarmendu dabez: laneko behin-behinekotasuna, pobretasun larriaren gorakada eta gizarte eta politika arloan parte hartzeko aukerarik eza baztertuta dagozanentzat.

Carlos Bargos erakundeko zuzendariak eta Ana Sofi Telletxea gizarte behatokiko arduradunak aurkeztu dabe 2022ko oroitza-txostena. “Adin txikikoak dabezan familien errealitatea oso presente dago”, adierazo dabe. Kasuen erdia, guraso bakarreko familiak dira, “emakumea buru dabenak”.

Ume eta gazteei laguntzeko, ezinbestekoa da Bizkaiko Caritasen, “pobreziaren transmisinoari eta etorkizuneko gizarte-bazterketari aurrea hartzea”. Hori kontuan hartuta, Caritasek 2.400 adin txikikori eta 819 gazteri lagundu eutsen iaz.

Lagundutako pertsonen %57 bertokoak eta euren egoera legeztatuta eukien etorkinak izan ziran.

Begiak zabaldu errealitatera

Bizkaiko Caritasek eskertu egin dau boluntarioen “partaidetza konprometitu eta eskuzabala” eta bazkide eta laguntzaileengan irudikatzen dan bizkaitarren diru-laguntza. Erakundeak 15,09 miloe eurotako inbertsinoa egin eban 2022an Bizkaian pobretasunaren eta bazterketaren aurkako egitasmoetan, batez be: osoko harrera bizilekurik ez daukienei, lanaren arloa eta ekonomia solidarioa.

Eleiz erakundeak nabarmendu dauanez, begiak zabaldu behar doguz ingurura eta “interes orokorrari zuzendutako politikak gainditu eta guztion onerako politikak” aldarrikatuz.

Euskadiko Caritasen datuak

Gaurko agerraldian, Euskadiko Caritasen oroitza-txosteneko datuak be ezagutzera emon dira. Datuon arabera, artatutako 34.288 familiean artean, egoera korapilatsuan dagozanak be ugari dira. Gainera, “Ukrainako gerraren eraginez, asko gehitu dira babes eta laguntza bila gure ingurura datozanak”