04-05-2024 Sábado, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 On Joan Maria Uriarte gotzainak 90 urte bete ditu gaur
07.06.2023

On Joan Maria Uriarte gotzainak 90 urte bete ditu gaur

Gaur, ekainak 7, On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratuak 90 urte bete ditu. Zorionak! 1976 eta 1991 bitartean, On Joan Mari Uriarte Bilboko Eleizbarrutiko gotzain laguntzaile be izan zan eta etzi autorpena egingo deutso. Eguerdiko 12:00etan, esker oneko Eukaristia ospatuko da Begoñako basilikan, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzaina buru dala eta zuzenean web honen bidez. Ostean, bazkaria egingo da Derioko Seminario jatetxean. Uriarte gotzain izan dan Eleizbarrutietako hainbat gotzainek parte hartuko dau, besteak beste, omenaldian. 

On Joan Maria Uriarte Goiricelaya 1976.eko irailaren 17an izendatu eben Bilboko gotzain laguntzaile eta urte bereko urrian kontsakratu zan gotzain. Bilboko Eleizbarrutiko administratzaile apostoliko izan zan On Antonio Añoverosek 1978.eko irailaren 25ean karguari uko egin eutsanetik On Luis Maria Larrea 1979.eko otsailaren 16an gotzain izendatu arte. Gero, Bilboko gotzain laguntzaile izan zan hamabi urtez. 1991ean, Zamorako gotzain izendatu eben. Gotzainen Sinodoaren Europarako II. Batzar Berezian parte hartu eban. Sinodoa, 1999.eko irailaren 26tik urriaren 17ra ospatu zan eta Gotzainen Batzarrak aukeratutak kide lez parte hartu eban. 2000. urtean, Donostiako gotzain izendatu eben eta On Jose Maria Setienen lekua hartu eban. Hamar urtez jardun eban gotzain lanetan eta 2009an karguari uko egin eutsan adinagaitik eta kargu-iztea onartu egin eutsen.

Orain dala aste batuk Bizkaia Irratiari eskainitako alkarrizketan adierazo ebanez, “bihotzez eskertzen eban” autorpena prestatzen ebilzan guztien ahalegina. Bere esanetan, 90 urteen eraginez, gorputzak eskatzen deutsana “lasaitasuna, baiea eta eguneroko ohiturak” badira be, “ilusinoz beteta dago”. Bere ustez, aukera ederra da egun hori bidelagun izan dituanakaz egoteko.

https://youtu.be/whU53KC5oUc

Juan María Uriarte