22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Ziortza ‘markako’ jantzigintza
15.06.2023

Ziortza ‘markako’ jantzigintza

Gaur egun, lau fraile zistertar bizi dira Ziortzako monasterioan. Ostatu eta aterpetxea dira sarrera-iturri nagusiak, izan be, Donejakue-bidea bertatik pasazen da. Halanda be, pandemia aldian, aita Luis Martinek bide barriak arakatu ebazan eta enkarguzko liturgia jantziak eskuz egiten hasi zan. Sasoi haretan sarrerarik ez egoanez, iturri barri horrek bere frutuak emon ebazan. Osasun-egoerak onera egin eta eskari-kopuruak behera egin dau eta Antonio Maria Martin prioreak adierazo dauanez, "udaldian erromes-jarioa etenbakoa bada be, ez da erromes-uholderik izaten". Maiatzean, aterpetxeko 23 lekuak beteta egon dira egunero, baina "ekainean, ez da hainbeste jente geratzen ari gaua igaroteko". Askok Markinan ibilbidea hasi, Ziortzan geldialdia egin eta aurrera egiten dau Gernikaraino. Gaua monasterioan emoten dabenek "21:30etako konpletak errezatzen dabez geugaz, erromesaren bedeinkapena emoten deutsegu-eta, gehienetan ingelesez".

Monje batek erropak neurrira egitea, ohikoa ez bada be, Ziortzan bada bat liturgia jantzi pertsonalizatuak egiten dituana. Enkarguzko lanak egiten dira, eta eskariak munduko edozein lekutatik jaso daitekez. Aita Luis Martinek orain dala hiru urte ekin eutsan egiteko honi, oraindik nobizio zala, eta egiteko hau eta beste hainbat egiten dau gaur egun be monasterioan, betiko profesarako hilabete bi falta jakozanean. Datorren abuztuaren 20an, San Bernardo egunez, alkarteko beste hiru fraileakaz batera bizi izango dau egun berezi hori.

Eleiza, ostatua, aterpetxea eta denda

Ziortzako fraileek hainbat arretagune dabe. Otoitza da euren jarduera nagusia eta monasteriotik igaroten diran edo bertan ostatu hartzen daben pertsonenganako arreta be garrantzitsua da. Eleizan, ostatuan, aterpetxean edo dendan, urtean zehar Euskadin monumentu kategoria dauan leku eder honetara hurreratzen dan ehunka laguni arreta adeitsua eskaintzen deutse. 

Ziortzara erromes aleman asko hurreratzen da, “baina mundu osotik datoz, baita Australiatik be”. Euren artzainagaz etorten diran beste kristau sinesbidetako jentea be azaltzen da. Askotarikoa da, beraz, erromesen jatorria eta izaera eta besteak beste horreei zuzenduta garatzen dabez zistertarrek euren balioak: jainkozko ofizioa, lectio divina eta eskulana.

Liturgia jantziak Ziortza

Goizeko 5:30etan hasten da eguna

Goiz ekiten deutse otoitzari, 5:30etan, Bezperakaz. Goizeko 7:00etan, gosaldu egiten dabe. Goizeko 9:00etan, Laudorioak eta Eukaristia ospatzen dabez. Sesta 13:30etan izaten da eta Nona, 19:30etan; Konpletak eta Salbea, 21:30etan. Jaiegunetan, ostera, Eukaristia eguerdiko 12:00etan ospatzen dabe. 

El padre Luis Martín con la máquina de coser