Egunotan, ahalmen-urritasunen bat dabenentzako Tcha Kituimainiko zentroa bisitatu dabe. Kilima zentroaren inguruan dagoz St François eskola-gunea, 3.500 ikasle ingurugaz, mediku-tekniken institutua eta erizaintzako goi eskola. Xabier Goikuriak martxan jarritako ekimen guzti honeek bisitatu dabez.
Nkanga
Nkanga herrixka be bisitatu dabe. Hemen hasi zan ebanjelizazinoa 1910ean, beneditarren eskutik. Hemen be lan asko egin dau Xabier Goikuriak, otoitz eta barneratze eremua izan daiten; gainera, ganorazko eskola eta osasun-etxea eraiki izan ditu.
Bunkeya
Iriartek jakitera emon deuskunez, azken orduetan Bunkeyara be iritsi dira eta “harrera oso ona izan dabe monja misiolari karmeldarren eskutik. Honeek ospe handiko ospitale handi bat kudeatzen dabe eta baita emakumeen sustapenerako ‘foyer’ (etxea) dalakoa be. Bunkeyako kristauek be kantuz eta pozarren hartu gaitue. Alkarregaz egon gara eleizan”. Gaur Mufungarantz atarako dira.
Une zirraragarriak
Iñigoren esanetan, “atzo une bizi eta zirraragarriak” bizi izan ebezan Panda Likasiko St. Joseph kristau alkartean. “Mezak ordu bi eta erdiko iraupena izan dau. Kantu eta dantzak nagusitu dira. Joseba gotzaina izan da buru swahiliz ospatu dan eleizkizunean. Homilian, Xabier Goikuriak berak itzuli ditu gotzainaren berbak.Gotzainak esandako gehienak berari eta 57 urteotan egin dauan lanari eta jenteak deutsan maitasunari buruzkoak ziranez, Xabier hunkitu egin da eta kostatu egin jako berba egitea”.