22-07-2024 María Magdalena
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 01-10-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXVI
Evangelio y Lecturas de 01-10-2023

IRAKURGAIA 1

Gaiztoak, egindako pekatua damu dauanean, berak biziazoten dau bere burua.

Ezekiel Profetearen liburutik
Ez 18, 25-28

Honan berba egiten dau Jainko Jaunak:
«Zuek dinozue: "Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea".
Entzun, bada, israeldarrok:
Nire jokabidea bidezkoa ez dala?
Ez ete da zuena bidezkoa ez dana?
Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu,
txarkeria egin eta hilten bada,
egin dauan txarkeriagaitik hilten da.
Eta gaiztoak, egin dauan gaiztakeriatik aldendu
eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badau,
bizirik iraungo dau.
Egindako txarkeriez ohartu
eta hareetatik aldentzen bada,
biziko da, bai, eta ez da hilgo».

IRAKURGAIA 2

Izan egizuez zeuekan Kristo Jesusi jagokozan asmoak.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik
Flp 2, 1-11

Senideok: Egia bada Kristok adorea emoten deutsuela eta maitasunak kementsu egiten, egia bada Espirituagan bat eginik bizi zareela eta bihozbera eta erruki zareela, bete nagizue pozez, danok iritzi eta sentiera bereko izanez, alkar maitatuz eta ondo hartuz. Ez egin ezer norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baino, besteak norbera baino hobeak dirala pentsatuz; ez norberaren onari bakarrik begiratuz, besteena ere bilatuz baino. Izan egizuez zeuekan Kristo Jesusi jagokozan asmoak:
Harek, Jainkoaren izaera berekoa izanik,
ez eutsan gogor eutsi Jainkoagaz bardin izateari;
bestela baino, bere izaeraz hustu egin zan
morroi-izaerea hartuz,
eta beste edozein lez azalduz.
Eta, gizon lez agerturik,
apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
kurutzeko heriotzaraino
Horregaitik, Jainkoak goratu egin eban
eta izen guztien gaineko izena emon eutsan,
Jesusen izenera belaun guztiak makurtu daitezan,
guztien belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien:
Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.

SALMOA

Sal 24. 4-5. 6-7. 8-9

R/. Gomutau zaitez zeure errukiaz, Jauna.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
irakatsi zeure bideziorrak.
Ibilarazo nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zu zara-eta nire Jainko salbatzailea,
Zugan itxaroten dot eten barik. R/.

Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna:
betikoak dira-eta.
Ez gogoratu, ostera, nire gaztaroko pekatuak,
ez nire erruak;
gogoratu nitaz zeure maitasunean,
zeure ontasunari jagokonez, Jauna. R/.

Ona eta zuzena da Jauna:
bidea erakusten deutse pekatariei.
Apalak zuzenbidez daroaz,
bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

EBANJELIOA

Damutu eta joan egin zan. Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago datoz Jainkoaren erreinura.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 21, 28-32

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Zuek zer deritzozue? Gizon batek seme bi ebazan, eta bategana joan eta esan eutsan: "Seme, zoaz gaur mahastira, lanera". Harek erantzun: "Ez dot gura". Baina gero damutu eta joan egin zan. Besteagana ere joan eta gauza bera esan eutsan. Eta harek erantzun: "Banoa, jauna"; baina ez zan joan. Bietan zeinek egin eban aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun eutsoen.
Orduan, Jesusek esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri jatzuen Joan Bateatzailea Jainkoaren nahiari jagokon jokabidea iragarriz, eta ez zeuntsoen sinestu; zergalariek eta emagalduek, barriz, sinestu egin eutsoen. Zuek, ostera, ikusi eta gero ere, ez zineen bihozbarritu, hari sinesteko».