29-03-2024 Viernes, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 02-10-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXVI
Evangelio y Lecturas de 02-10-2022

IRAKURGAIA 1

Zintzoa bere leialtasunak biziarazoko dau.

Habakuk Profetearen liburutik
Hab 1, 2-3; 2, 2-4

Noiz arte, Jauna, jardun behar dot Zuri erreguka,
Zuk entzun barik?
Noiz arte jardun behar dot oihuka
gogorkeriaren aurka,
Zuk salbatu barik?
Zergaitik ikusiarazoten deustazu
horrenbeste bidebakokeria?
Zelan egon zeintekez
zapalketeari begira?
Hondamen eta gogorkeria ugari aurrean,
hasarreak eta burrukak edonon.
Orduan, Jaunak erantzun eustan:
«Idatzi agertuko deutsudana
ezarri taulatxoetan, erraz irakurteko eran.
Ikuskari hau ez da beteko
epea burutu arte,
baina badoa helbururantz,
ez dau hutsik egingo;
luzatzen bada, zuk itxaron,
berandu barik helduko da-eta.
Harroak ez dau bakerik bere barruan;
zintzoa, ostera, bere leialtasunari esker biziko da».

IRAKURGAIA 2

Ez izan gure Jauna autortzeko lotsarik.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik
2 Tm 1, 6-8. 13-14

Anaia maite: Gomendatzen deutsut indarbarritu dagizula nik eskuak ezartean Jainkoak emon eutsun dohaia, Jainkoak ez deusku-eta bildurti egiten gaituan espiritua emon, indarra eta maitasuna emoten eta geure buruaren jabe egiten gaituan espiritua baino. Ez izan, bada, gure Jauna autortzeko lotsarik, ezta lotsatu ere Haregaitik kartzelan dagoan honetaz; bestela baino, Jainkoaren indarraz fidaturik, eroan egizuz nekeak nigaz batean Barrionaren alde.
Hartu egizuz jarraibidetzat, Kristo Jesusegan oinarritzen diran sinesmen eta maitasunari buruz nigandik entzun dozuzan berba osasungarriak. Zaindu gordailu eder hau, gugan bizi dan Espiritu Santuaren indarraz.

SALMOA

Sal 94, 1-2. 6-7abc. 7d-9

R/. Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa: “Ez gogortu zuen bihotza”.

Zatoze, pozez ohiu egin deiogun Jaunari,
txalo egin deiogun salbamen dogun Arkaitzari.
Hurreratu gakiozan aurrera esker-kantuekin,
jai deiogun txalo eta eresiekin. R/.

Zatoze ahuspez gurtu dagigun,
egin gaituan Jaunari belaunikatu gakiozan.
Bera da-eta gure Jainkoa,
gu, barriz, Haren larrako herria,
Haren zainpeko artaldea. R/.

Entzungo al dozue gaur Haren ahotsa!:
“Ez gogortu zuen bihotza Meriban lez,
Masa egunean basamortuan lez.
Zuen gurasoek han zirikatu ninduen,
Nik eginak ikusi arren tentatu ninduen. R/.

EBANJELIOA

Sinesmena bazendue.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 17, 5-10

Aldi haretan, apostoluek esan eutsoen Jaunari: «Handiagotu egizu sinesmena gugan». Jaunak erantzun eutsen: «Sinesmena bazendue, mostaza hazia baizen txikia izanik ere, pikuondo honi "Urten hortik eta landatu itsasoan" esango zeunskioe, eta obeditu egingo leuskizue
Emoizue, zuetako batek morroia dauala solo-lanean edo artzantzan. Morroia etxeratzean, “Hator behingoan mahaira” esaten ete deutso? Ez ete deutso beste hau esaten: "Prestatu egidak afaria, jantzi amantala eta zerbidu nagik, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko dok heuk?" Morroiari esker ona zor ete deutso, agindua bete daualako?
Zuek ere gauza bera: agindutako guztia egin eta gero, esan: "Morroi gizajoak gara; egin behar genduana besterik ez dogu egin"».