09-05-2025 Viernes, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 03-09-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXII
Evangelio y Lecturas de 03-09-2023

IRAKURGAIA 1

Jaunaren izena lotsakizun eta iseka zan niretzat egun guztian.

Jeremias Profetearen liburutik
Jr 20, 7-9

Liluratu egin nozu, Jauna,
eta ni zure lilurapean jausi;
indartu egin nozu eta menperatu.
Barregarri izan naz egun osoan;
burlaka ibili jataz danak.
Berba egiten dodan bakotxean,
garrasi egiteko da;
indarkeria eta zapalkuntza salatuz
iragarri behar dot;
Jaunaren berbea irain- eta iseka-bide da
niretzat egun guztian.
Esaten neban neure barrurako:
«Gogoratu ere ez dot egingo;
ez dot gehiago haren izenean berba egingo».
Baina, orduan, sua lako zeredozer
sentitzen neban barruan,
hazurretaraino erreten ninduana;
ahalegintzen nintzan itoten, baina ezin!

IRAKURGAIA 2

Eskeini egizuez zeuen buruak, opari bizi.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 12, 1-2

Senideok: Jainkoaren errukiagaitik eskatzen deutsuet eskeini dagizuezala zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri; hori da egiazko zuen kultua. Ez egokitu mundu honen iritzietara; erabarritu zaiteze, ostera, zeuen pentsaerea aldatuz; holan bereiztu ahal izango dozue zer dan Jainkoak gura dauana, zer dan ona, atsegingarri jakona eta bikaina.

SALMOA

Sal 62, 2. 3-4. 5-6. 8-9

R/. Zure egarriz dot barrua, Jauna, ene Jainkoa.

Jainko, Zu ene Jainko,
goizetik nabilkizu bila,
zure egarriz dot barrua, zure gogo biziz ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa lez. R/.

Holan egon gura dot santutegian Zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
nire ezpanek goratuko zaitue. R/.

Holan gura zaitut bedeinkatu neure bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez aseko naz,
eta nire ezpanek poz-oihuz goratuko zaitue. R/.

Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure egoen kerizpean.
Zuri itsatsia nago osorik,
eta zure eskumeak eusten deust. R/.

EBANJELIOA

Nigaz etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 16, 21-27

Aldi haretan, Jesus bere ikasleei azaltzen hasi jaken beharrezkoa zala berak Jerusalemera igotea, eta han asko sufridu behar ebala abadeburu eta lege-maisuen aldetik; hil egingo ebela eta hiru egunen buruan biztu egingo zala. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon: «Ezelan ere ez, Jauna! Ez jatzu holakorik jazoko!»
Baina Jesusek, bihurturik, esan eutsan Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Jauspide zara Niretzat, zure asmoak ez dira-eta Jainkoarenak, gizakiarenak baino».
Jesusek esan eutsen, gainera, ikasleei: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.
Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon daike gizakiak barriro bizia eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin, eta orduan bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso».