23-11-2024 Sábado, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 03-12-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Adviento, I
Evangelio y Lecturas de 03-12-2023

IRAKURGAIA 1

Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!

Isaias Profetearen liburutik
Is 63, 16b-17; 64, 1. 3b-8

Zu zara, Jauna, gure Aita,
“gure Erosle” dozu izena betidanik.
Zergaitik itzi deuskuzu, Jauna,
zeure bideetatik alde egiten,
zure begirunerik ez izateraino
gure bihotzak gogortzen?
Bihurtu zakiguz, zeure zerbitzariakaitik,
zeure ondare aukeratu dozuzan leinuakaitik.
Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!
Zure aurrean mendiak urtuko litzatekez.
Jaitsi zinean
eta mendiak urtu egin ziran zure aurrean.
Inoiz ez dau ez belarrik entzun, ez begik ikusi,
Zu beste Jainkorik
Beragan itxaron dabenen alde holan jokatzen dauanik.
Zeuk urteten dozu,
pozik eta zuzen dabilzanen
eta zure bideak gogoan dabezanen bila.
Hasarre zengozan, bai,
pekatu egin gendualako,
aspalditik pekatari garalako,
baina salbauko gara.
Guztiok kutsatuak gengozan,
gure egintza onak ere zapi zikinen antzeko ziran;
orbelaren antzera ihartzen gintzazan guztiok,
eta gure pekatuek
haizeak lez eroaten ginduezan.
Ez eutsan inork zure izenari dei egiten,
ez zan inor Zugaz bat egiten ahalegintzen.
Zeure aurpegia gorde egin zenduan-eta gugandik,
eta gure erruetan murgilduak itzi ginduzuzan.
Halan ere, Jauna, Zeu zara gure Aita,
gu buztina, eta Zu gure buztinlaria:
zure eskuetako lana gara guztiok.
Ez hasarretu gehiegi, Jauna,
eta ez hartu gogoan betiko gure errua.
Begira, zure herri gara guztiok.

IRAKURGAIA 2

Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain gagoz.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 1, 3-9

Senideok: Grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik. Jainkoari eskerrak emoten dihardut beti zuekaitik, zuei Jesu Kristogan Jainkoak emon deutsuen graziagaitik. Izan ere, Kristogan aberastu zaitue gauza guztietan: bai berba, bai jakintza-dohai guztietan, Kristori buruz emoten dogun autormena zuekan sendotu dan ezkero. Holan, ez dozue dohairik bat ere falta Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain zagozenok. Berak indartuko zaitue azkenera arte, inork zuen aurka zeresanik izan ez dagian Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera-egunean. Zintzoa da bere Seme Jesu Kristo gure Jaunagaz alkarturik bizitzera deitu zaituen Jainkoa.

SALMOA

Sal 79, 2a eta 3acd. 15-16. 18-19

R/. Jainko, berbiztu gagizuz; salbatu gaitezan, zure begia leun agertu egizu.

Israelgo Artzain, entzun eiguzu,
Kerubin gainean jesarri ohi zara-eta,
Zeure indarrari eragiozu,
zatoz eta salbatu gagizuz. R/.

Bihurtu zakiguz, gudari taldeen Jainko,
begiratu zerutik, ikusi, mahatsondo honi agertu zakioz:
Zeure eskuaz landatu dozun aldaxka honi,
Zeuk indartu dozun landareari. R/.

Emoiozu eskua aukeratu dozun gizonari,
Zeuk indartu dozun gizasemeari.
Ez gara Zugandik urrunduko,
Emoiguzu bizia eta zure izenari deutsagu deituko. R/.

EBANJELIOA

Zagoze zuhur, ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 13, 33-37


Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: “Begira, zagoze zuhur, ez dakizue-eta sasoia noiz dan. Gizon bat urrunera joatean lez da: etxea iztean, morroiei emoten deutse agintea, bakotxari bere eginkizuna jarriz, eta atezainari zuhur egoteko agintzen deutso.
Zagoze, beraz, zuhur; ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan: ilunabarrean, gauerdian, oilarrak jotean nahiz egunsentian. Ez zagiezala lotan aurkitu, uste barik etorrita.
Zuei esaten deutsuedan hau guztiei esaten deutset: Zagoze zuhur.”