25-06-2025 Miércoles, XII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 06-04-2025
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, V
Evangelio y Lecturas de 06-04-2025

IRAKURGAIA 1

Dana barri egitera noa, eta herriari edaten emongo deutsat.

Isaias Profetearen liburutik
Is 43, 16-21

Jaunak bidea zabaldu eban itsasoan,
Bidezidorra ur oldartsuetan;
burdi eta zaldi, gudaroste ahaltsua
eban gudura atara;
hara, jausi dira arerioak, barriro ez jagiteko,
amatau dira, amaitu, kandela-metxea lez.
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Ez oroitu aspaldian jazotakoez,
ez gogoratu antzinakoez.
Begiratu, dana barri egitera noa:
hasia da sortzen,
ez al deutsazue igarten?
Bidea edegiko dot basamortuan,
ibaiak landa lehorrean.
Basapiztiek, txakal eta ostrukek
goralduko nabe,
ura emongo dot-eta basamortuan,
ibaiak sortuazoko landa lehorrean,
neure herriari, neure aukeratuari, edaten emoteko.
Eta neuretzat eratu dodan herriak
nire gorespena iragarriko dau».

IRAKURGAIA 2

Dana galeratzat dot Kristoren aldean, eta Beraren antzeko izan gura dot heriotzan.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik
Flp 3, 8-14

Senideok: Dana galeratzat dot, neurri bako ondasun honen aldean: Jesu Kristo nire Jaunaren ezagueraren aldean. Haregaitik dana galdu neban eta dana simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta Haregan bizitzekotan; ez legetik jatorztan neure zuzentasunaz, Kristogan sinestetik jatorztanaz baino. Izan ere Jainkoagandik dator zuzentasun hau, eta sinesmena dau oinarri. Beraz, Kristo ezagutu gura dot, haren biztuerearen indarra; haren lagun izan gura dot nekeetan eta beraren antzeko heriotzan, egunen batean hilen artetik biztuko nazan itxaropenez.
Ez dot esaten saria lortu dodanik edota lasterraldia amaitu dodanik: nik neure lasterraldian jarraitzen dot. Eta, Kristo Jesusek niretzat lortu daualako, saria eskuetan baldin badot ere, ene senideok, oraindino saria lortu ez baneu lez hartzen dot nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dana ahazturik, eta aurrean dagoana bilatuz, lasterka noa helburura, saria jaristeko; sari horretara deitzen dau-eta Jainkoak goitik, Kristo Jesusen bitartez.

SALMOA

Sal 125, 1-2ab. 2cd-3. 4-5. 6

R/. Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde.

Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan lez gengozan.
Barrez bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz mihina. R/.

Jentil-herrietan ere esan eben:
«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,
eta pozarren gagoz! R/.

Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek basamortua lez.
Malkoz erein ebenek
pozez dabe batzen. R/.

Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa eroanez;
poz-oihuka datoz,
gari-balak ekarriz. R/.

EBANJELIOA

Zuetan pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 8, 1-11

Aldi haretan, Jesus Oliamendira joan zan. Baina biharamun-egunsentian tenplura agertu zan barriro, eta herri guztia etorri jakon; Jesus jesarri eta irakasten hasi jaken.
Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri eutsoen eta, erdian ipiniz, esan eutsoen Jesusi: «Maisu, emakume hau, adulterioan ziharduala, harrapatu dabe. Moisesek holakoak harrika hilteko agindu euskun Legean. Zuk zer deritsozu?» Azpikeriaz esaten eutsoen hori, zertan salatu izateko.
Jesus, ostera, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zan. Baina hareek itaunka eta itaunka hasi jakozanez, zutitu eta esan eutsen: «Zuetan pekatu barik dagoanak bota deiola lehenengo harria». Eta, barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. Hareek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala.
Jesusek, zutiturik, esan eutsan: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?» Harek erantzun: «Inork ere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Neuk ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin barriro pekaturik».