22-07-2024 María Magdalena
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 07-05-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Pascua, VI
Evangelio y Lecturas de 07-05-2023

IRAKURGAIA 1

Zazpi gizon aukeratu ebezan, Espiritu Santuaz beteak.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 6, 1-7

Egun hareetan, ikasleak ugaritzean, marmarra sortu zan greko hizkuntzakoen artean hebreera hizkuntzakoen aurka, hareen andra alargunak eguneroko janari-banaketan bazterrera izten ebezelako.
Hamabiek, ikasleen batzar orokorra baturik, esan eben: «Ez da bidezkoa guk Jainkoaren berbearen predikua alde batera iztea, janari-banaketaz arduratzeko. Beraz, senideok, aukeratu egizuez zeuen artean izen oneko zazpi gizon Espiritu Santuaz eta jakituriaz beteak, eta hareei emongo deutsegu egiteko hori; guk, holan, otoitzean eta hitzaren zerbitzuan jardungo dogu».
Batzar osoak ontzat emon eban proposamena, eta honeek aukeratu ebezan: Esteban —sinesmenez eta Espiritu Santuaz beterik egoan gizona—, Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas, Antiokiako judu barria; aurkeztu eutseezan apostoluei, eta honeek, otoitz eginez, eskuak buruan ezarri eutseezan.
Jainkoaren berbea zabaltzen ziharduen; ikasleen taldea sendo ugarituz joian Jerusalemen, eta abade asko ere sinestedun egiten zan.

IRAKURGAIA 2

Zuek jatorri hautatua zaree eta errege-abadetza.

San Pedro Apostoluaren lehenengo epistolatik
1 P 2, 4-9

Senide maiteok: Harri bizia da Jauna, gizakiek baztertua, baina Jainkoaren begietarako aukeratua eta bikaina; Haregana hurreratzen zareela, zuek ere, harri bizi lez, espirituzko tenpluaren eregintzan parte hartzen dozue eta abadetza santu zaree, Jainkoari atsegin jakozan espirituzko opariak Jesu Kristoren bitartez eskeintzeko.
Hau dino, esan ere, Liburu Santuak:
«Hona Nik Sionen harria ipini,
giltzarri aukeratu eta bikaina.
Horretan sinesten dauanik
ez da lotsaturik geldituko».
Zuentzat, beraz, sinesten dozuenentzat, harri hori aintzagarri da; sinesten ez dabenentzat, barriz, «etxegileek baztertutako harria giltzarri bihurtu da, eta baita oztopo-harri ere, jausiazoteko harkaitz». Berbea onartzen ez dabenek egiten dabe oztopo: hori da ezarri jaken zoria.
Zuek, ostera, jatorri hautatua zaree, errege-abadetza, nazino santua, Jainkoak beretzat eskuratutako herria, ilunpetatik bere argi zoragarrira deitu deutsuen Jainkoaren egintza bikainak iragarri dagizuezan.

SALMOA

Sal 32, 1-2. 4-5. 18-19

R/. Betor gugana, Jauna, zure maitasuna, Zugan dogu-eta gure uste ona.

Poztu zaiteze, zintzoak, Jaunagan,
zuzenak diranei jagoke Ha goratzea.
Ospatu egizue Jauna kitaraz,
egiozue soinu hamar hariko salterioaz. R/.

Zuzena da-eta Jaunaren berbea,
leiala Harek egin dauan guztia.
Zuzena eta bidezkoa dana dau maite,
Haren graziaz lurra dago bete. R/.

Hara, Jaunaren begiak bildur deutsoenakana,
Haren maitasuna itxaron dabenengana;
hareek ditu-eta heriotzatik atarako,
eta gosetean aseko. R/.

EBANJELIOA

Neu naz bidea, egia eta bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 14, 1-12

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez izan kezkarik: sinestu Jainkoagan eta sinestu Nigan ere. Nire Aitarenean bizitoki asko dago; holan izan ez balitz, esango neuskizuen. Orain zuentzat tokia atontzera noa. Joan eta tokia atondu ondoren, barriro etorri eta Neugaz eroango zaituet, Ni nagoan tokian zuek ere egon zaitezen. Zuek badakizue Ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan eutsan: «Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta zelan jakin bidea?» Jesusek erantzun: «Neu naz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik.
«Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zeunkee. Gehiago oraindino, ezagutzen dozue dagoaneko, eta ikusi ere ikusi dozue».
Orduan, Felipek esan eutsan : «Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta nahikoa dogu».
Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nozu ezagutzen? Ni ikusten nauanak Aita ere ikusten dau. Zelan dinozu: "Erakutsi eiguzu Aita"? Ez al dozu sinesten Ni Aitagan nagoala eta Aita Nigan? Nik esaten deutsuedana ez deutsuet neure kabuz esaten. Nigan bizi dan Aita da bere egintzak burutzen diharduana. Sinestu egidazue: Ni Aitagan nago eta Aita Nigan. Besterik ez bada ere, sinestu egintzakaitik.
Bene-benetan dinotsuet: Nigan sinesten dauanak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta handiagoak ere bai, Ni Aitagana noa-eta. Nire izenean eskatu dagizuen guztia emongo deutsuet, Aitaren aintza Semeagan azaldu daiten. Nire izenean zeredozer eskatzen badozue, emongo deutsuet Nik».