18-04-2024 Jueves, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 08-01-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Navidad, I
Evangelio y Lecturas de 08-01-2023

IRAKURGAIA 1

Hona, nire zerbitzaria, atsegin jatan nire aukeratua.

Isaias Profetearen liburutik
Is 42, 1-4. 6-7

Hauxe dino Jaunak:
«Hona nire zerbitzaria, Nik eusten deutsodana,
nire aukeratua, atsegin dodana.
Honegan ipini dot neure espiritua:
zuzenbidea ekarriko deutse herriei.
Ez dau oihu egingo, ez ahotsa goratuko,
ez dau kaleetan entzunazoko bere berbea.
Kanabera arrakaldua ez dau hausiko,
Ozta-oztaz biztuta dagoan argi-metxea ez dau amatauko.
Zuzenbidea ekarriko dau leialki;
ez dau etsiko, ez da hausiko,
zuzenbidea lurrean ezarri arte;
uharteak haren irakaspenen zain dagoz.
Nik, Jaun honek, salbamen-ekintzarako dei egin deutsut,
eta eskutik heldu;
Neuk eratu zaitut eta izendatu
herriarentzat itun
eta nazinoentzat argi izateko,
itsuen begiak zabaldu dagizuzan,
giltzapetuak espetxetik
eta ilunpetan bizi diranak kartzelatik atara dagizuzan».

IRAKURGAIA 2

Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz igurtzi eban Jesus.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 10, 34-38

Egun hareetan honan berba egin eban Pedrok: «Orain jabetzen naz benetan Jainkoak ez dauala bereizkeriarik egiten, begirunea deutsana eta Beraren guraria egiten dauana onartzen dauala baino, edozein herritakoa dala ere. Harek bere berbea bialdu eutsen israeldarrei, guztien Jauna dan Jesu Kristoren bidez bakearen Barriona iragarriz. Badakizue zer jazo zan, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek iragarri eban bateoaren ondoren: Nazareteko Jesusena, hain zuzen ere: Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz igurtzi eban, eta Harek on egiten eta deabruak hartutako guztiak osatzen igaro eban bere bizitza, Jainkoa beragaz eban-eta».

SALMOA

Sal 28, 1-2. 3ac-4. 3b eta 9c-10

R/. Bere herria bedeinkatuko dau bakea emonez Jaunak.

Emon, Jainko seme-alabok, Jaunari,
emon ospe eta indar Jaunari.
Emon ospe Jaunari bere izenaren ederrez,
gurtu Jauna apainduria deunez. R/.

Horra Jaunaren berbea ur gainean,
Jauna ur ugarien gainean.
Jaunaren berbea indartsu,
Jaunaren berbea ospetsu. R/.

Jainko itzalgarriaren abarrotsa durundan,
haren jauretxean danek dinoe: Gora!
Jesarri da Jauna uholde gainean,
Jauna errege jesarriko betierean. R/.

EBANJELIOA

Jesusek bateoa harturik, Jainkoaren Espiritua ikusi eban bere gainera etorten.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 3, 13-17

Aldi haretan, Jesus Galileatik Jordanera etorri zan Joan Bateatzaileagana, honek bateatu egian. Joanek, barriz, ez eutsan itzi gura eta esaten eutsan: «Neu naz Zuk bateatu beharrekoa, eta Zu zatoz nigana?»
Jesusek erantzun eutsan: «Itzi oraingoz; holan bete behar dogu-eta Jainkoak gura dauan guztia». Orduan, Joanek itzi egin eutsan.
Jesusek, bateatu eta bertan, uretatik urten eban. Horretan, zerua zabaldu zan, eta Jainkoaren Espiritua ikusi eban uso-irudian jaisten ete bere gainera etorten. Eta berba hau etorri zan zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; Berau dot atsegin».