05-07-2024 Viernes, XIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 08-10-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXVII
Evangelio y Lecturas de 08-10-2023

IRAKURGAIA 1

Israel etxea da diran guztien Jaunaren mahastia.

Isaias Profetearen liburutik
Is 5, 1-7

Nire adiskidearen izenean nator kantatzera
adiskidearen eta beraren mahastiaren kantua.
Nire adiskideak baeban mahasti bat,
mendi-malda gizenean.
Lurra harrotu, harriak kendu
eta landare aukeratuak landatu ebazan.
Erdian torrea eregi eban
eta dolarea egin.
Mahats ona itxaroten eban
eta sasimahatsa emon eutsan.
Orain, bada, Jerusalemeko bizilagunok,
Judako gizon-emakumeok,
erabagi zeuek
nire eta nire mahastiaren arteko auzia.
Zer egin neikion neure mahastiari,
egin deutsadanaz gainera?
Mahats ona itxaroten neban:
zergaitik emon deust sasimahatsa?
Esango deutsuet, bai,
zer egingo deutsadan neure mahastiari:
hesia kenduko deutsat,
larre bihurtu daiten;
harresia zulatuko,
zapaldu dagien;
lugorri bihurtuko dot:
ez dabe inausiko, ez jorratuko,
eta sasiek eta laharrek hartuko dabe;
bertan euririk ez egiteko aginduko deutset hodeiei.
Horra, bada: Israel da
Jaun ahalguztidunaren mahastia,
Judako herria
haren landare-arlo kuttuna.
Zuzenbidea itxaroten eban Jaunak haregandik,
eta horra: zuzenbakokeria!
Justizia itxaroten eban,
eta horra: aieneak!

IRAKURGAIA 2

Bakearen Jainkoa zuekin izango da.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik
Flp 4, 6-9

Senideok: Ez izan ezeren kezkarik; gorabehera guztietan agertu zeuen eskabideak Jainkoari, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emonez. Eta guk pentsatu daikeguna baino handiagoa dan Jainkoaren bakeak gordeko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez.
Gainerakoan, senideok, hartu egizue aintzakotzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goragarri, bertutetsu eta onargarri dan guztia. Ikasi egizue nigandik, hartu eta entzun zenduena eta nigan ikusitakoa. Eta bakea emoten deuskun Jainkoa zeuekin izango dozue.

SALMOA

Sal 79, 9 eta 12, 13-14. 15-16, 19-20

R/. Jaunaren mahastia Israelgo etxea da.

Egiptotik mahatsondo bat atara zenduan
eta landatu, jentil-herriak kanpora botaz.
Itsasoraino zabaldu zituan adarrak,
Eufrates ibairaino muskilak.

Zergaitik zulatu deutsazu inguruko hesia?
Holan, bidariek frutua lapurtzen deutsoe,
basurdeek triskatzen, basapiztiek narrastzen.

Jainko ahalguztiduna, bihurtu, arren,
begira zerutik, ikusi!
Hartu egizu zeure mahatsondoaren ardurea,
zaindu zeure eskuz landatu dozuna.

Ez gara Zugandik inoiz aldenduko;
Zuk bizia emongo deuskuzu
eta guk dei egingo deutsagu zure izenari.
Oi Jauna, Jainko ahalguztiduna, erabarritu gagizuz;
erakutsi aurpegi argia, salbau gaitezan.

EBANJELIOA

Beste nekazari batzuei itziko deutse mahastia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 21, 33-43

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Entzun parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu eban eta hesiz inguratu; bertan dolarea egin eta torrea eregi eban; gero, nekazari batzuei errentan itzirik, urrunera joan zan.
Mahatsa batzeko sasoia heldu zanean, bere morroiak bialdu ebazan nekazariakana, frututik egokion partea jasotzera. Nekazariek, ostera, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta besteari harrika egin eutseen. Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan, aurrekoan baino gehiago, eta hareei ere beste hainbeste egin eutseen. Azkenean, bere semea bialdu eutsen, berekautan esanez: "Izango deutsoe begirunea nire semeari".
Nekazariek, ostera, semea ikustean, esan eutsoen alkarri: "Oinordekoa da. Hil dagigun eta geuretzat izango da ondarea". Heldu, mahastitik kanpora bota eta hil egin eben".
Jesusek itaundu eutsen: "Zer egingo deutse nekazari horreei mahasti-jabeak bihurtzean?»
Erantzun eutsoen: «Erruki barik hilgo ditu, eta bere sasoian frutua emongo deutsoen beste nekazari batzuei itziko deutse mahastia».
Jesusek esan eutsen: «Ez al dozue Liburu Santuan behin ere irakurri:
"Etxegileek baztertutako harria
giltzarri egin da.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri"?
Horregaitik dinotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta frutua atarako deutsan herri bati emongo jako».