22-07-2024 María Magdalena
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 09-04-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Pascua, II
Evangelio y Lecturas de 09-04-2023

IRAKURGAIA 1

Hilen artetik biztu ondoren, Beragaz jan eta edan genduan.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 10, 34a. 37-43

Egun hareetan, honan berba egin eban Pedrok: «Badakizue zer jazo zan Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek iragarritako bateoaren ondoren, Nazareteko Jesusena, hain zuzen ere: Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz igurtzi eban, eta harek on egiten eta deabruak hartutako guztiak osatzen igaro eban bere bizitzea, Jainkoa beragaz eban-eta.
Eta gu gara Harek juduen lurraldean eta Jerusalemen egindako guztien testigu. Jesus hau egur batetik zintzilik hil eben; baina Jainkoak biztu egin eban hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena emon eutsan; ez, ostera, herri guztiari, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baino: guri hain zuzen ere, Ha hilen artetik biztu ondoren Beragaz jan eta edan dogunoi.
Jesusek berak agindu euskun herriari predikatzeko, eta autortzeko Bera dala Jainkoak bizien eta hilen epaile ipini dauana. Profeta guztiek autormen hau egiten dabe Haretaz: Haregan sinestu dagien guztiek pekatuen parkamena hartuko dabela, beraren izenean».

IRAKURGAIA 2

Bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik
Kol 3, 1-4

Senideok: Kristogaz berbiztu zareen ezkero, bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo, Jainkoaren eskumaldean jesarrita. Bilatu egizuez goiko gauzak, eta ez lurrekoak, hilda zagozelako, eta zuen bizia Kristogaz dagoalako Jainkoagan gordea. Kristo, zuen bizia, agertuko danean, zuek ere aintzatsu agertuko zaree haregaz batera.

SALMOA

Sal 117, 1-2. 16bc-17. 22-23

R/. Hau da Jaunak egin dauan eguna, gu pozteko eta alaitzeko eguna.

edo Aleluia, aleluia, aleluia.

Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
Haren maitasuna betikoa da-eta.
Israel etxeak hau esan begi:
«Haren maitasuna betikoa». R/.

«Jaunaren eskumeak nau jaso,
Jaunaren eskumeak bizkor dau jokatu».
Hil ez, bizi egingo naz,
Jaunaren eginak nik iragarriko. R/.

Etxegileek baztertutako harria,
berori da giltzarria.
Jaunak egin dau hori,
gure begien harrigarri. R/.

EBANJELIOA

Biztu egin behar eban hilen artetik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 20, 1-9

Astearen lehenengo egunean, Maria Magdalena hilobira joan zan goizean goiz, artean ilun egoala, eta harria hilobitik kenduta ikusi eban. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite eban beste ikasleagana bihurtu zan lasterka, eta esan eutsen: «Eroan egin dabe Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri daben».
Urten eben, orduan, Pedrok eta beste ikasleak, eta hilobira abiatu ziran. Biak batera joiazan lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago joian, eta lehenago heldu zan hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baina ez zan sartu.
Heldu zan haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zan. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baita Jesusen burua batzen egoniko zapia ere; baina hau ez egoan oihal-zerrendakin batera jarrita, beste toki batean batuta baino.
Orduan, sartu zan beste ikaslea ere, hilobira lehenengo heldu zana. Ikusi eta sinestu egin eban. Izan ere, ordurarte ez eben ikasleek ulertu Liburu Santuak dinoena, Jesusek hilen artetik biztu behar ebala, hain zuzen ere.