26-04-2024 Isidoro, obispo y doctor
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 09-10-2022
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXVII
Evangelio y Lecturas de 09-10-2022

IRAKURGAIA 1

Naaman bihurtu zan barriro Eliseogana, eta Jauna goratu eban.

Erregeen bigarren liburutik
2 Erg 5, 14-17

Egun hareetan, jatsi zan Naaman siriarra Jordan ibaira eta zazpi bider murgildu zan, Jainkoaren gizonak agindu eutsan lez, eta osatu egin jakon legenarra, eta umetxoarena baizen garbi gelditu haragia.
Orduan, Jainkoaren gizonagana bihurtu zan bere lagun-talde osoagaz eta, haren aurrean zutunik, esan eutsan: «Orain badakit ez dala munduan Jainkorik Israelena baino. Mesedez, onartu egizu zerbitzari honen esku-erakutsia». Eliseok erantzun eutsan: «Ala Jauna, bere zerbitzari nauana! Ez dot ezer hartuko». Naamanek hartzeko eta hartzeko esan arren, Eliseok ez eban hartu gura izan.
Orduan, Naamanek: «Ezezkoan zagozan ezkero, itzi egiozu, behintzat, zeure zerbitzari honi, mando bik eroan daikeen lurra hartzen; gaurtik aurrera ez deutso-eta zure zerbitzariak erre-oparirik eta sakrifiziorik ezelako jainkori eskeiniko, Jaunari izan ezik».

IRAKURGAIA 2

Nekeetan irauten badogu, errege ere izango gara Haregaz.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren gutunetik
2 Tm 2, 8-13

Anaia maite: Izan gogoan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hilen artetik biztua. Hau da nik irakasten dodan Barriona eta honegaitik nago neketan, gaizkile lez katez lotuta; baina Jainkoaren berbea ez dago katez lotuta. Horregaitik, dana jasaten dot Jainkoak aukeratu dituanen onerako, horreek ere Kristo Jesusek emoten dauan salbamena eta betiko aintza lortu dagien.
Sinesgarria da adierazpen hau:
Haregaz hilten bagara,
Beragaz biziko gara;
Haregaz sufritzen badogu,
Beragaz izango gara errege;
Ha ukatzen badogu,
Berak ere ukatu egingo gaitu;
gu leialak ez bagara ere,
Harek leial dirau,
ez daike-eta bere burua ukatu.

SALMOA

Sal 97, 1. 2-3ab. 3cd-4. 5-6

R/. Agertu dau Jaunak aurrean Beragandiko garaipena.

Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta:
garaipena emon deutso bere eskumeak,
bere beso santuak. R/.

Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbamen-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez dau ahaztu bere maitasuna,
Israel herriari deutson leialtasuna. R/.

Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz eta kantu-hotsez,
turutaz eta adar-hotsez;
egin irrintzi errege dan Jaunari. R/.

EBANJELIOA

Ez al da izan atzerritar hau besterik bihurtu eta Jainkoa goratzeko?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 17, 11-19

Aldi haretan, Jesus Jerusalemera bidean, Samaria eta Galilean zehar joian. Herritxo batean sartzean, hamar legenardunek urten eutsoen bidera. Urrun gelditurik, deadarka esan eutsoen: «Jesus, Maisu, erruki zakiguz!» Jesusek, ikustean, esan eutsen: «Joan eta azaldu abadeakana». Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.
Hareetako bat, osatuta egoala oharturik, Jainkoa deadarka goratuz bihurtu zan eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez. Samariarra zan bera.
Jesusek esan eban: «Ez al dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etorteko?» Gero, esan eutsan: «Jagi eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».