14-10-2024 Lunes, XXVIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 15-09-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXIV
Evangelio y Lecturas de 15-09-2024

IRAKURGAIA 1

Bizkarra ipini deutset joten ninduenei.

Isaias Profetearen liburutik
Is 50, 5-9a

Jainko Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.
Bizkarra eskeini neutsen joten ninduenei,
matrailak, bizarretik tiraka ebilzanei.
Ez neutsen aurpegia alboratu irainei eta txistuei.
Jauna dot laguntzaile;
horregaitik, ez naz kikildu;
horregaitik gogortu dot aurpegia, harekaitza lez,
bai dakit-eta ez nazala lotsagarri geratuko.
Ondoan dot defendatzailea:
nork eroan ni auzitara?
Aurkeztu gaitezan alkarregaz!
Nork dau nigaz auzirik? Datorrela!
Hara, Jainko Jauna dot laguntzaile:
nork kondenatuko nau?

IRAKURGAIA 2

Sinesmena, egintza onik ez badau, hilda dago.

Santiago Apostoluaren gutunetik
St 2, 14-18

Ene senideok: Zertarako dau batek «nik badot fedea» esatea, egintzetan ez badau azaltzen? Holako fedeak salbau ete daike?
Anaia edota arrebaren batek zer jantzirik edo eguneroko janik ez badau, eta zuetako batek esaten badeutse: «Zoaze bakean, berotu zaiteze eta ase», baina behar daben laguntza emoten ez, zertarako balio dau horrek? Bardin fedea ere: bera bakarrik, egintza barik, hilik dago.
Norbaitek esan daike «zuk fedea dozula; nik, barriz, egintzak». Bada, nik esaten deutsut: Erakutsi egidazu egintza bako zeure fedea, eta nik egintzen bidez erakutsiko deutsut neure fedea.

SALMOA

Sal 114, 1-2. 3-4. 5-6. 8-9

R/. Jaunaren aurrean ibiliko naz bizien lurraldean.

Maite dot Jauna,
entzun dau-eta nire erregu-oihua,
makurtu dau-eta nigana belarria,
dei egin deutsadan egunean. R/.

Herio-lokarriek inguratu ninduen,
Herio-leizeko sareak harrapau;
estu eta larri nintzan.
Baina dei egin neutsan Jaunaren izenari:
«Arren, Jauna, atera nagizu onik». R/.

Errukiorra eta zintzoa da Jauna,
gupidatsua gure Jainkoa.
Jaunak zaintzen ditu xumeak:
lur jota nengoan, eta salbau nau. R/.

Bai, libratu deust bizia heriotzatik,
begiak malkotik, oinak jaustetik.
Jaunaren aurrean ibiliko naz
bizien lurraldean. R/.

EBANJELIOA

Zu Mesias zara... Beharrezkoa da Gizonaren Semeak neke handiak jasatea.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 8, 27-35

Aldi haretan, Feliperen Zesarea inguruko auzoetara abiatu zan Jesus bere ikasleekin. Bidean itaun hau egin eutsen ikasleei: «Ni nor nazala dino jenteak?» Hareek erantzun eutsoen: «Batzuek Joan Bateatzailea zarala; beste batzuek Elias; besteek profetaren bat». Jesusek barriro itaundu eutsen: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Pedrok erantzun: «Zu Mesias zara».
Jesusek inori ez esateko agindu eutsen zorrotz. Orduan, irakasten hasi jaken Gizonaren Semeak asko sufridu behar ebala; zahar, abadeburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo ebela eta hil; eta hiru egunen buruan biztu egingo zala. Argi eta garbi berba egiten eutsen honetaz.
Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon. Baina Jesusek, bihurtu eta ikasleei begira, gogor eraso eutsan Pedrori, esanez: «Alde nire ondotik, Satanas! Zure asmoak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baino».
Jesusek jenteari eta ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Nire ondoren etorri gura dauanak uko egin begio bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan ere, bere bizia gorde gura dauanak, galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik eta Barrionagaitik galtzen dauanak, ostera, gorde egingo dau».