05-07-2024 Viernes, XIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 15-10-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXVIII
Evangelio y Lecturas de 15-10-2023

IRAKURGAIA 1

Jai-jatordua emongo deutse Jaunak herri guztiei eta xukatuko ditu aurpegi guztietako negar malkoak.

Isaias Profetearen liburutik
Is 25, 6-10a

Egun haretan, jai-jatordua emongo deutse
Jaun ahalguztidunak
mendi honetan herri guztiei,
janari guri eta edari bikainekin,
haragi mamintsu eta ardo zahar finekin.
Mendi honetan kenduko dau
herri guztien gainean zabalduta dagoan estalkia,
nazino guztiak estaltzen dituan oihala.
Betiko hondatuko dau heriotzea;
xukatuko ditu Jainko Jaunak
aurpegi guztietako negar-malkoak
eta lur osotik aldenduko dabe
bere herriaren lotsakizuna,
Jaunak berba egin dau-eta.
Eta egun haretan esango da:
*Hara gure Jainkoa!
Itxaroten genduan salbatuko ginduzala;
Jauna da, Beragan genduan itxaropena.
Poztu gaitezan eta alaitu,
salbatu gaitualako.
Jaunaren eskua mendi honetan kokatuko da+.

IRAKURGAIA 2

Danetarako badot indarra,indartzen nauan Haregan.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik
Flp 4, 12-14. 19-20

Senideok: Badakit urritasunean nahiz ugaritasunean bizitzen; edozein egoeratako zaildua eta edozertara jarria nago: asetuta nahiz goseak egotera, ugari eukitera nahiz beharrizanera. Dana daiket indartzen nauan Kristogan. Edozelan ere, ondo egin zenduen nire atsekabean zeuen alkartasuna agertzean.
Ordainetan, nire Jainkoak oparo beteko dau zuen urritasun guztia, bere aberastasunen arabera Kristo Jesusegan. Aintza Jainko gure Aitari gizaldien gizaldietan. Amen.

SALMOA

Sal 22, 1-3. 4. 5. 6

R/. Jaunaren etxean naz biziko luzaroen luzaro.

Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean:
larre gurietan etzunarazoten nau.
Atsedenezko iturrira naroa,
eta berbiztuten deust barrua.
Banaroa bidezidor zuzenetatik,
bere izenagaitik. R/.

Ibar ilunetan banabil ere, ez nago gaitz-bildur,
Zu nigaz zagoz eta:
zure zigorra eta makilea,
honeek dira nire poza. R/.

Atontzen deustazu mahaia,
arerioak ditudala begira;
orioz igurtziten deustazu burua,
gainezka dago nire edontzia. R/.

Zoriona eta grazia ditut aldean,
nire bizi guztiko egunetan;
eta Jaunaren etxean naz biziko
luzaroen luzaro. R/.

EBANJELIOA

Aurkitzen dozuezan guztiei, dei egiezue ezteguetara.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 22, 1-14

Aldi haretan, Jesusek barriro parabolen bidez berba egin eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuagaz bere semearen ezteguak ospatu ebazan erregeagaz lez jazoten da. Bialdu ebazan morroiak gonbidatuei dei egitera, baina hareek ez eben etorri gura izan.
Barriro beste morroi batzuk bialdu ebazan mandatu honegaz: "Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukot bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dana dago prest. Zatoze ezteguetara". Baina gonbidatuek ez eben jaramonik egin: bata bere lurretara joan zan, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan.
Hasarratu zan erregea eta, bere soldaduak bialduz, hil egin ebazan hiltzaile hareek eta sua emon hareen herriari.
Gero, bere morroiei esan eutsen: "Ezteguak prest dagoz, baina gonbidatuak ez ziran gai. Zoaze, bada, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak". Urten eben morroiak bideetara eta aurkitutako guztiak batu ebezan, on nahiz gaizto. Eztegu-gelea bazkaltiarrez bete zan.
Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zanean, eztegu-jantziri barik egoan bat ikusi eban eta esan eutsan: "Adiskide, zelan sartu zara hemen, eztegu-jantzi barik?" Harek berbarik ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan eutsen, orduan: "Lotu egizue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpeetara; han izango da negarra eta agin-karraska!" Izan ere gehiago dira-eta deituak, aukeratuak baino».