10-03-2025 Lunes, I semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 16-02-2025
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, V
Evangelio y Lecturas de 16-02-2025

IRAKURGAIA 1

Madarikatua konfiantza gizakiagan dauana. Bedeinkatua konfiantza Jaunagan dauana.

Jeremias Profetaren liburutik Jr 17, 5-8

Honan berba egiten dau Jaunak:  Madarikatua konfiantza gizakiagan dauana, giza indar hutsean oinarritzen dana eta bihotza Jaunagandik urruntzen dauana. Basamortuko kardulatzaren antzeko da, ez dau sasoi onik izango; basamortu kiskalduan landatuta dago, bizi ezinezko gatz-lurrean. Bedeinkatua konfiantza Jaunagan dauana, bere euskarri Jauna dauana. Ur-ertzean landatutako zuhaitzaren antzeko da, ur bizigarrietara zabaltzen ditu sustraiak; ez deutsa sargoriari bildurrik, haren orriak beti hezerik; lehor-urtean be ha nasai, ez deutsa itziko frutu emoteari . Jaunak esana.

IRAKURGAIA 2

Kristo biztu ez bada, zentzunik bakoa da zuen sinismena.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik 1 Ko 15, 12. 16-20

Senideok Kristo hilen artetik biztua dala iragartzen bada, zelan
esaten dabe zuetako batzuek hilak ez dirala bizten?
Izan be, hilak bizten ez badira, Kristo be ez da biztu. Eta Kristo biztu ez
bada, alperrekoa da zuen sinismena: zeuen pekatuetan zagoze oraindino.
Eta zer esanik ez, hil diran kristauak be galduak dira. Kristogan jarria dogun
itxaropenak bizitza honetarako bakarrik balio badau, gizaki guztietan
errukarrienak gara.
Baina ez, biztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik biztuko diranetan
lehen-frutu.
Jaunak esana.

SALMOA

Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6

R/. Bai dohatsu Jaunagan itxaropide dauan gizona!

Bai dohatsu gaiztoen asmoari jarraitzen ez dautsona,
hobendunen bidean ez dabilana,
lotsabakoen batzarrean jarten ez dana.
Ostera, Jaunaren legean atsegin dauana,
gau eta egun Haren legea hausnartzen dauana. R/.

Ur ertzean aldaturiko zuhatza lakoa izango da,
bere sasoian emoten dau frutua;
eta orririk ihartzen ez jako:
zeregin guztietan ondo joako. R/.

Ez horrela gaiztoak, ez horrela,
haizeak daroan lastoa lakoa izango dira.
Zintzoen bidezain Jauna dago,
gaiztoen bidea, barriz, hondamendirako. R/.

EBANJELIOA

Zorionekoak behartsuok. Baina ai zuek, aberatsok!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Lk 6, 17. 20-26

Aldi haretan, Jesus ikasleakaz menditik jatsi eta zelaigune baten
gelditu zan. Ikasle multzo handia zan harekin; baita herriko
jentetza ugaria be, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta
Sidongo itsasaldetik etorria.
Jesusek, ikasleei begira, esan eutsen:
Zorionekoak txirook,
Jainkoaren erreinua zeuena da-eta.
Zorionekoak orain gose zarienok,
ze, aseko zaitue Jainkoak.
Zorionekoak orain negar egiten dozuenok,
ze, barre egingo dozue.
Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dala-eta jenteak gorrotatu,
euren artetik bota eta madarikatuko zaitueenean eta izen txarra emongo
deutsueenean. Alaitu zaiteze egun horretan eta egin pozez salto ze, handia
izango da zuen saria zeruan; gauza berbera egin eutsien profetei jente
horren gurasoek.
Baina ai zuok, aberatsok,
ze, hartu dozue zeuen poza!
Ai zuok, orain aseta zagozenok, gose izango zarie-eta!
Ai zuok, orain barre egiten dozuenok,
ze, aiene eta negar egingo dozue!
Ai zuok, mundu guztiak zuetaz ondo berba egingo dauanean ze, gauza
berbera egin eutsien sasiprofetei jente horren gurasoek! 
Jaunak esana.