12-10-2024 Nuestra Señora del Pilar
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 18-08-2024
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XX
Evangelio y Lecturas de 18-08-2024

IRAKURGAIA 1

Zatoze eta jan nire ogitik,edan prestatu dodan ardotik.

Esaera Zaharrak liburutik
Es 9, 1-6

Jakituriak bere etxea eregi dau,
zazpi zutabe landu ditu;
abereak hil, ardoa nahastau
eta mahaia prest jarri dau.
Neskameak bialdu ditu
uriko goialdeetatik hau iragartera:
«Ikasibakoa betor hona!»
Zentzunbakoei esaten deutse:
«Zatoze, jan nire ogia
eta edan nik nahastautako ardoa.
Itzi zorakeriak eta biziko zaree,
jarraitu zentzunezko bideari».

IRAKURGAIA 2

Konturatu zaiteze Jaunak zer gura dauan.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 5, 15-20

Senideok: Begiratu arretaz zelan zabilzen; ez jokatu ergel, zentzunez baino, egokieraz baliatuz, sasoi txarrak doguz-eta. Ez izan, bada, buru bako; ahalegindu, ostera, Jaunaren nahia zein dan ulertzen.
Ez mozkortu, ardotik nasaikeria dator-eta; bestetara, bete zaiteze Espirituaz, zeuen artean salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak abestuz. Kantatu eta egin gorazarre Jaunari bihotz-bihotzez, gauza guztikaitik Jainko Aitari eten barik eskerrak emonez, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.

SALMOA

Sal 33, 2-3. 10-11. 12-13. 14-15

R/. Txastau egizue eta ikusi ze samur dan Jauna

Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz. R/.

Izan Jaunari begirunea zuek, Hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirunea deutsoenei.
Aberatsek ere ezagutzen dabe beharrizana eta gosea,
Jaunagana joten dabenei ez jake onik falta. R/.

Zatoze, seme-alabok, eta entzun:
Jaunari begirunea izaten irakatsiko deutsuet.
Nork ez dau bizia maite?
Nork ez dau luzaro bizi gura, zoriontsu izateko? R/.

Gorde mihina gaitzetik,
ezpanak engainu-berbatik.
Alde gaitzetik, egin on dana,
bilatu bakea eta lehiatu haren alde. R/.

EBANJELIOA

Nire haragia egiazko janaria da eta nire odola egiazko edaria.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 51-58

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia nire haragia da, mundua bizi daiten emona».
Juduek eztabaidan ziharduen euren artean: «Zelan emon deikegu Honek bere haragia jaten?»
Jesusek esan eutsen: «Bene benetan dinotsuet: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez badozue, ez dozue bizirik izango zeuekan. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauanak betiko bizia dau, eta Neuk biztuko dot azken egunean. Izan ere nire haragia egiazko janaria da eta, eta nire odola egiazko edaria. Nire haragia jaten eta nire odola edaten dauana Nigan dago eta Ni Haregan.
Bizia dan Aitak bialdu nau eta Ni Aitari esker bizi naz; era berean, Ni jaten nauana, Niri esker biziko da. Hau da zerutik jatsi dan ogia; ez da zuen gurasoek jan ebena lakoa, hareek hil egin ziran-eta. Ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da».