25-11-2024 Lunes, XXXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 19-02-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, V
Evangelio y Lecturas de 19-02-2023

IRAKURGAIA 1

Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez.

Levitarrak liburutik
Lv 19, 1-2. 17-18

Jaunak honan berba egin eutsan Moisesi: Esan israeldarren alkarte osoari: "Izan zaiteze santu, Ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naz-eta.
Ez izan bihotzean gorrotorik zeure senidearentzat; baina zentzaratuazo zeure herritarra, haren pekatuen erantzunkizunik izan ez dagizun. Ez egin mendekurik, ez izan erresuminik zeure herritarrarentzat. Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez. Neu naz Jauna".

IRAKURGAIA 2

Dana zeuena da, zuek Kristorenak, eta Kristo Jainkoarena.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 3, 16-23

Senideok: Ez al dakizue, Jainkoaren tenplu zareela eta Jainkoren Espiritua zuekan bizi dala? Jainkoaren tenplua hondatzen dauana, hondatu egingo dau Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua da-eta: tenplu hori zeuek zaree.
Ez begi inork bere burua engainatu. Zuetako norbait, mundu honen arabera jakitun dala uste badau, egin bedi zoro, benetan jakitun izateko. Izan ere, mundu honetako jakituria zorakeria da Jainkoaren aurrean, Liburu Santuak dinoan lez: Euren maltzurkerian harrapatzen ditu jakitunak. Eta beste hau ere badino: Badaki Jaunak jakitunen asmoak ustelak dirala.
Beraz, ez bedi inor gizakiez harrotu, dana zuena da-eta: Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotzea, oraingoa eta gerokoa; guztia zuena da. Zuek, ostera, Kristorenak zaree, eta Kristo Jainkoarena.

SALMOA

Sal 102, 1-2. 3-4. 8 eta 10. 12-13

R/. Errukior da Jauna eta bihozbera.

Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barren osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bediz ahaztu haren mesedeak. R/.

Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gaitz guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta ondoguraz betea.
Ez gaitu erabilten gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera. R/.

Zelan sortaldea mendebaldetik urrun,
halan ditu Harek gure hobenak gugandik urruntzen.
Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat errukitsu. R/.

EBANJELIOA

Maitatu egizuez zeuen arerioak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 38-48

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: Entzuna dozue antzinakoei agindutakoa: "Begia begiaren ordain, agina aginaren ordain". Nik, ostera, hau dinotsuet: Gaizkileari ez erantzun txarto; bestela baino, eskumako matrailan joten zaituanari eskeini beste matrailea ere; soinekoa kentzeko auzitara eroan gura zaituanari emon soingainekoa ere; norbaitek mila pauso egitera behartzen bazaitu, egin bi mila beragaz. Eskatzen deutsunari emon, eta dirua izteko eskatzen deutsunari ez ukatu.
Entzun dozue antzinakoei agindutakoa: "Maitatu egizu zeure lagun hurkoa eta gorrotatu zeure arerioa". Nik, ostera, hau dinotsuet: Maitatu egizuez zeuen arerioak eta egin otoitz erasoten deutsuenen alde zeruetan dagoan zeuen Aitaren seme eta alaba izan zaitezen, Harek gaiztoentzat eta zintzoentzat ataraten dau-eta eguzkia eta zuzenentzat eta zuzenbakoentzat egiten euria.
Izan ere, maite zaituenak bakarrik maite badozuez, zer sari zor jatzue? Zergalariek ere ez al dabe beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badozuez, zer egiten dozue berezirik? Jentilek ere ez al dabe beste horrenbeste egiten? Izan zaiteze, beraz, guztiz onak, zeruetako zuen Aita guztiz ona dan lez.