25-11-2024 Lunes, XXXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 19-11-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Tiempo ordinario, XXXIII
Evangelio y Lecturas de 19-11-2023

IRAKURGAIA 1

Eskulanetan trebe jardungo dau.

Esaera Zaharrak liburutik
Es 31, 10-13. 19-20. 30-31

Nork aurkituko etxekoandre jatorra?
Harribitxiak baino askoz gehiago balio dau.
Konfiantza osoa dau senarrak haregan,
eta ez da sekula beharrizanean aurkituko.
Zoriona ekarten deutso, ez zoritxarra,
bizitzako egun guztietan.
Artilea eta lihoa eskuratzen ditu,
gogotsu egiten dabe lan haren eskuek.
Eskuaz goruari heltzen deutso
eta atzamarrez ardatzari eragiten.
Dohakabeari eskua zabaltzen deutso
eta behartsuari laguntza emoten.
Guzurrezkoa da liraintasuna, alperrekoa edertasuna;
goragarria, ostera, Jaunari begirunea deutsan emakumea.
Emon egiozuez eskerrak bere eskuen lanagaitik,
goratu herri osoaren aurrean berak eginagaitik.

IRAKURGAIA 2

Ez zagiezala Jaunaren egunak lapurrak lez harrapatu.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ts 5, 1-6

Senideok: Hori noiz eta zelan izango dan ez dozue nik idatzi beharrik; zeuek dakizue nahiko ondo Jaunaren eguna uste barik etorriko dala, lapurra gauez lez.
Jentea «hau bakea eta segurtasuna» esaten ibiliko danean, orduan etorriko jake hondamendia gainera, uste barik, umedun dagoanari erdiminak lez, eta ez dau ihes egiterik izango. Zuek, ostera, senideok, ez zaree ilunpetan bizi, eta egun horrek ez dau zuek lapurrak lez zertan harrapatu. Zuek guztiok egiaren eta egunaren aldeko zaree; ez gara gauaren eta ilunaren menpeko. Beraz, ez dagigun lo egin gainerakoek lez; egon gaitezan, ostera, zuhur eta izan gaitezan neurritsu.

SALMOA

Sal 127, 1-2. 3. 4-5

R/. Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona.

Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik jango dozu,
zoriontsu izango zara eta ondo joango jatzu. R/.

Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak orio-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirunea deutson gizona!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.

EBANJELIOA

Gitxian zintzoa izan zaralako, sartu zaitez zeure nagusiaren pozetan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 25, 14-30

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen bere ikasleei: «Gizon batek, urrunera joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak itzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsazan, beste bati bi, beste bati bakarra: bakotxari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin zan.[Bost talentu hartu ebazana hareekin lanean hasi zan bat-batean, eta beste bost irabazi ebazan. Bi hartu ebazanak ere gauza bera egin eban, eta beste bi irabazi ebazan. Bat hartu ebanak, ostera, lurrean zulo bat egin eta han gorde eban bere nagusiaren dirua.
Handik luzarora, etorri zan morroi hareen nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken.
Hurreratu zan bost talentu hartu ebazana, eta beste bost eroan eutsazan, esanez: "Jauna, bost talentu itzi zeustazan; begira, beste bost irabazi ditut". Nagusiak esan eutsan: "Ederto, morroi zintzo eta leiala! Gitxian zintzo izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zaitez zeure nagusiaren pozetan".
Hurreratu zan talentu bi hartu ebazana, eta esan eutsan: "Jauna, talentu bi itzi zeustazan; begira, beste bi irabazi ditut". Nagusiak esan eutsan: "Ederto, morroi zintzo eta leiala! Gitxian zintzo izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zaitez zeure nagusiaren pozetan".
Azkenean, hurreratu zan talentu bat hartu ebana, eta esan eutsan: "Jauna, banekian gizon zorrotza zarala; erein ez dozun tokian igitaitzen dozuna, eta zabaldu ez dozun tokian batzen dozuna. Beraz, bildurrez joan nintzan, eta lurpean gorde neban zure talentua. Hor dozu zeurea!"
Nagusiak erantzun eutsan: "Morroi gaizto eta alperra! Bazenkian, beraz, nik, erein ez dodan tokian igitaitzen dodala, eta zabaldu ez dodanean batzen. Horregaitik, nire dirua dirulariei itzi behar zeuntsen, nik, etortean, irabazi eta guzti jaso nengian. Kendu egiozue talentu hori, eta emon hamar dituanari. Dauanari emon egingo jakolako, eta gainezka izango dau; ez dauanari, barriz, dauan ha ere kendu egingo jako. Eta morroi alper huts hori bota kanpoko ilunpeetara. Han izango dira negarra eta agin-karraskadea!"»