25-06-2025 Miércoles, XII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 23-03-2025
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, III
Evangelio y Lecturas de 23-03-2025

IRAKURGAIA 1

“Nazana naz” deritzonak bialdu nau zuekana.

Urteera liburutik.
Ur 3, 1-8a. 13-15

Moisesek bere aitaginarreba Jetroren, Madiango abadearen, ardiak zaintzen zituan. Behin, basamortuan zehar eroan zituan eta Horebera, Jainkoaren mendira, heldu zan. Han Jaunaren aingerua agertu jakon, sasi artean isiotutako sugarretan. Moisesek ikusi eban sasia, sutan egonik ere, ez zala erreten.
Moisesek esan eban: «Hurreratu naiten gauza harrigarri hori ikustera: zelan izan leiteke sasia ez erretea?» Begiratzera etorrela ikustean, Jaunak dei egin eutsan sasi artetik: «Moises, Moises!» Honek erantzun: «Hemen nozu!» Eta Jaunak: «Ez hurreratu; kendu oinetakoak, zagozan tokia lur santua da-eta». Eta gaineratu eban: «Zure arbasoen Jainkoa naz, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa». Moisesek aurpegia estaldu eban, Jainkoari begiratzeko bildurrez.
Jaunak esan eutsan: «Ikusi dot neure herriaren atsekabea Egipton eta entzun dot hareen oihua euren zapaltzaileen zigorpean; bai, jabetu naz hareen oinazeez. Eta egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naz, eta lurralde haretatik lurralde on eta zabal batera, esnea eta eztia dariozan lurraldera, igonazotera».
Moisesek esan eutsan Jainkoari: «Hara, joango naz israeldarrakana eta "Zuen arbasoen Jainkoak bialdu nau zuekana" esango deutset; baina hareek "zelan dau izena?" itauntzen badeuste, zer erantzun behar deutset?» Jainkoak esan eutsan: «Nazana naz Ni. Honan esango deutsezu israeldarrei: "Nazana naz" deritzonak bialdu nau zuekana».
Jainkoak esan eutsan Moisesi gainera: «Esan israeldarrei: "Jaunak, zuen arbasoen Jainkoak, Abrahamen Jainkoak, Isaaken Jainkoak eta Jakoben Jainkoak, bialdu nau . Horixe izango da nire izena betiko; honan deituko deustazue belaunez belaun"».

IRAKURGAIA 2

Herriaren bizitza Moisesegaz basamortuan, eta gure eskarmenturako idatzi zan.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 10, 1-6. 10-12

Senideok: Jakin behar dozue, gure arbasoak danak egon zirala hodeipean eta danek igaro ebela itsasoa; danek hartu eben bateoa hodeian eta itsasoan, Moisesegaz bat egiteko; danek jan eben espirituzko janari bera, eta danek edan espirituzko edari bera. Izan ere, eurakaz joian espirituzko harkaitzetik edaten eben; eta harkaitz ha Kristoren irudia zan. Halan ere, hareetako asko eta asko ez jakozan atsegin izan Jainkoari, eta hilda gelditu ziran basamortuan.
Gauza honeek guretzat ikasbide izateko jazo ziran, gaiztakeriarik gura ez dagigun, hareek gura izan eben lez. Ez dagizuela marmarrean jardun, hareetako batzuk jardun eben lez, eta aingeru hondatzailearen esku hil ziran.
Hau guztia gure ikasbiderako jazo jaken eta gure eskarmenturako idatzi zan, azken sasoi honeetan bizi garanok zentzarazteko. Beraz, zutunik dagoala uste dauana ibili bedi kontuz jausi ez daiten.

SALMOA

Sal 102, 1-2. 3-4. 9-10. 11-12

R/. Errukior da Jauna eta bihozbera.

Ene arima, goratu egizu Jauna,
nire barru osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goratu egizu Jauna,
eta ez ahaztu Harek zuri egina. R/.

Berak parkatzen ditu zure hobenak,
osatzen zure gaitzak danak;
askatzen dau heriotzatik bizia,
emoten deutsu koroetzat grazia eta errukia. R/.

Ez da beti auzitan ibiliko,
ez da hasarretuko betiko.
Ez dihardu gugaz gure hobenen neurrira,
ez deusku ordaintzen gure erruen harira. R/.

Zerua lurretik goi dagoan ainean,
goi dago Haren maitasuna beldur deutsoenen gainean;
sortalde sartaldeak urrun dagoz alkarregandik,
hain urrun bialtzen ditu gure gaiztakeriak gugandik. R/.

EBANJELIOA

Bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 1-9

Aldi haretan, etorri jakozan batzuk Jesusi, galilear batzuei jazotakoaren barri emotera: zelan Pilatok hil ebazan, hareen odola eskeintzen ziharduenen oparienakaz nahastatuz. Jesusek erantzun eutsen: «Uste al dozue galilear hareek beste galilearrak baino pekatariagoak zirala, holako heriotzea izan ebelako? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree.
Eta Siloeko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek, uste al dozue beste jerusalemdarrak baino errudunagoak zirala? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree».
Eta parabola hau esan eutsen: «Gizon batek pikuondo bat eukan, bere mahastian landatuta. Joan zan piku bila eta ez eban aurkitu. Orduan, esan eutsan mahastilariari: "Bada hiru urte pikuondo honetara piku bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Ebagi egizu. Zertarako euki hor, lurra alperrik jaten?"
Mahastilariak, ostera, erantzun eutsan: "Jauna, itzi egizu aurtengoz; bitartean, ingurua aitzurtu eta ongarria botako deutsat, ea aurrerantzean fruturik emoten dauan; eta bestela, ebagi"».