12-03-2026 Jueves, III semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 30-03-2025
Domingo
Beste egun batzuk
Cuaresma, IV
Evangelio y Lecturas de 30-03-2025

IRAKURGAIA 1

Jainkoaren herriak, agindutako lurraldera sartutakoan, Pazkoa ospatu dau.

Josueren liburutik
Jos 5, 9a. 10-12

Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Josueri: «Gaur kendu deutsuet gainetik Egiptoko lotsaria».
Israeldarrek Gilgalen jarri eben kanpalekua eta hilaren hamalauan, arratsaldean, Pazko-jaia ospatu eben Jerikoko zelaian. Pazko-biharamunean lurraldeko frutuetatik jan eben legamina bako ogiak eta gari-ale txigortua.
Lurraldeko frutuetatik jaten hasi ziran egunetik aurrera, amaitu egin zan mana. Israeldarrek ez eben gehiago manarik izan, eta urte haretan Kanaan lurraldeko emoitzez janaritu ziran.

IRAKURGAIA 2

Adiskidetu zaiteze Jainkoagaz.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik
2 Ko 5, 17-21

Senideok: Kristorena dana sorkari barri da; zaharrarenak egin dau, barria sortu da. Hau guztia Jainkoagandik dator, Kristoren bitartez beragaz adiskidetu gaitu-eta, adiskidetzeko zerbitzua guri emonaz. Izan ere, Jainkoa da Kristogan mundua Beragaz adiskidetzen dauana, gizon-emakumeei pekatuen kontua eskatu barik, eta guri emon deusku adiskidetzearen mezua.
Kristoren ordezkari gara, beraz, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik ez eban Ha, Jainkoak gugatik pekatu bihurtu eban, guk haren bitartez Jainkoaren salbamena lortu dagigun.

SALMOA

Sal 33, 2-3. 4-5. 6-7

R/. Txastau egizue eta ikusi zein samur dan Jauna.

Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz. R/.

Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta Harek erantzun,
bildur guztietatik libratu ninduan. R/.

Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Errukarri honek dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik salbatu eban. R/.

EBANJELIOA

Zure anaia hau hila egoan eta biztu egin da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 15, 1-3. 11-32

Aldi haretan, zergalari eta pekatari guztiak hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan ere egiten dau eurakaz».
Orduan, Jesusek parabola hau esan eutsen: «Gizon batek seme bi zituan. Gazteenak esan eutsan aitari: "Aita, emoidazu dagokidan senipartea". Eta aitak ondasunak banatu eutsezan. Handik egun gitxira, seme gazteena, zituan guztiak baturik, urruneko herrialde batera joan zan, eta han, nasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituan.
Dana eralgi ebanean, gosete handia sortu zan herrialde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan. Orduan, herrialde haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere arloetara bialdu eban txarrizain. Txarriek jaten eben ezkurrez sabela beteteko gogoak emoten eutsan, ez eutsan inork jaten emoten-eta.
Orduan, bere barrura bihurturik, esan eban: "Hamaika langile bada nire aitarenean, nahiko ogi dauala, eta ni hemen goseak hilten. Jagi, aitagana joan eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izenik merezi. Hartu nagizu zeure langileetako bat lez". Eta jagi eta aitagana abiatu zan.
Oraindino urrun egoala, ikusi eban aitak eta erruki izan eban, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi jakon. Semeak esan eutsan: "Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure aurka. Ez dot gehiago seme izenik merezi...".
Aitak, ostera, esan eutsen morroiei: "Atara behingoan soinekorik ederrena eta jantzi egiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dagigun jai-bazkaria, nire seme hau hila egoan eta biztu egin da-eta, galdua egoan eta aurkitu egin dogu-eta". Eta jaia hasi eben.
Seme zaharrena soloan zan. Etxera hurreratzean, soinua eta dantzak sumatu zituan, eta, morroi bati deituta, zer jazoten zan itaundu eutsan. Morroiak erantzun: "Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil dau, semea onik bereganatu daualako". Seme zaharrena biziro hasarretu zan, eta ez eban sartu gura. Urten eban aitak eta erreguka hasi jakon. Baina harek erantzun eutsan aitari: "Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoala, zure agindurik behin ere huts egin barik, eta ez deustazu sekula aumatxu bat ere emon lagun artean jateko, eta horrako zure seme horri, emagalduekin zure ondasunak jan dituan horri, etorri danean, zekor gizendua hil deutsazu".
Aitak erantzun eutsan: "Seme, zu beti nigaz zagoz, eta nirea dan guztia zeurea dozu. Baina egoki zan jai egitea eta poztea, zure anaia hau hila egoan eta biztu egin da-eta, galdua egoan eta aurkitu egin dogu-eta"».