23-11-2024 Sábado, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Liturgia 5 Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Ebenjelioa eta Irakurgaiak

Eguna: 31-12-2023
Domingo
Beste egun batzuk
Navidad, I
Evangelio y Lecturas de 31-12-2023

IRAKURGAIA 1

Jaunaren bildur danak
goratzen ditu bere gurasoak.

Siraken liburutik
Si 3, 3-7. 14-16.17b

Jaunak seme-alaben gainetik
ohoratzen dau aita,
eta amaren aginpidea ezarten
bere umeen gainean.
Aita ohoratzen dauanak
bere pekatuak ezabatzen ditu,
eta ama goratzen dauanak
ondasunak pilatzen.
Aita ohoratzen dauanak
poza izango dau bere seme-alabengan,
eta otoitz-egunean entzun egingo deutso Jaunak.
Aita ohoratzen dauana luzaro biziko da,
eta Jaunari obeditzen deutsanak
atsegin emoten deutso amari.
Ene seme, zaindu aita zahartzaroan
eta ez emon nahigaberik bizi dan artean;
burua galtzen badau ere,
izan parkabera
eta ez gutxietsi bizi dan bitartean;
aitari emondako laguntza ez da ahaztuko,
pekatuen ordaina izango dozu.
Atsekabealdian
gogoan izango zaitu Jaunak.

IRAKURGAIA 2

Familiako bizitza Jaunagan bizia.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik
Kol 3, 12-21

Senideok: Jantzi zaiteze bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, otzantasunez, eroapen onez, Jainkoaren herri aukeratu, santu eta maitea zareen ezkero. Eroan egizue ondo alkar eta parkatu batak besteari, inork inoren aurka ezer baleu. Jaunak parkatu eutsuen lez, parkatu zuek ere.
Eta guzti horreen gainetik, izan maitasuna, hori da-eta alkartasun betearen lokarria.
Kristoren bakeak agindu begi zuen bihotzetan, bake horretara deituak zareen ezkero gorputz batean, eta izan esker oneko. Bizi bedi oparo zuekan Kristoren berbea; irakatsi eta aholkatu jakituria osoz; kantatu Jainkoari bihotzez eta esker onez salmoak, gorazarreak eta abesti inspiratuak. Edozer esaten nahiz egiten dozuela, egizue dana Jesu Kristo Jaunaren izenean, Beraren bidez Jainko Aitari eskerrak emonez.
Emazteok, zagoze zeuen senarren menpean, Jaunaren jarraitzaileei jagoken lez. Senarrok, maitatu egizuez zeuen emazteak, eta ez izan gogor hareekin.
Seme-alabok, egin zeuen gurasoen esana gauza guztietan, hori gura dau-eta Jaunak.
Gurasook, ez sumindu zeuen seme-alabak, gogoa galdu ez dagien.

SALMOA

Sal 127, 1-2. 3. 4-5

R/. Dohatsu Jaunaren bildur dana, haren bideetan dabilena!

Dohatsu Jaunaren bildur dana,
haren bideetan dabilena!
Zure eskuen lana dozu-eta jango,
zoriontsu izango zara eta ondo jatzu joango. R/.

Zure emaztea, mahasti emonkorraren antzean,
zure etxe barruan;
zure seme-alabek badirudie olibo-kimu,
zure mahai inguruan. R/.

Begira, holan izango da bedeinkatua gizakia,
Jaunari bildur deutsana.
Jaunak Siondik bedeinkatu zagizala,
Jerusalem dohatsu ikusiz beti bizi zaitezala. R/.

EBANJELIOA

Atzerria argitzeko argia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 2, 22-35

Moisesen Legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea heldu jakonean, gurasoek Jerusalemera eroan eben Jesus, Jaunari aurkezteko. [Izan ere, honan dago aginduta Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko jakoz». Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskeini behar eben: «Usapal bi edota usakume bi».
Bazan Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain egoana. Espiritu Santua beragaz eban, eta aditzera emon eutsan ez zala hilgo Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zan.
Gurasoek Legeak agintzen ebana beteteko Jesus umea tenpluan sartzean, hartu eban Simeonek umea besoetan eta Jainkoa bedeinkatu eban, esanez:
«Orain itzi daikezu, Jauna,
zeure morroi hau bakean hilten,
Zeuk agindu zenduan lez.
Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbamena,
herri guztien aurrean Zuk aurkeztua:
Nazinoak argitzeko argia
eta zure herri Israelen ospea».
Umearen aitamak harriturik egozan umeagaitik esaten ziranakin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituan, eta umearen ama Mariari esan eutsan:«Begira, hau israeldar asko jausteko eta beste asko jagiteko ipinita dago; eztabaida sortzen dauan ezaugarri izango da, holan bihotz askotako asmoak agirian gelditu daitezan. Eta zeuri ezpata batek aldez alde zulatuko deutsu arimea».