24-12-2024 Martes, semana - adviento

Eleizbarrutiko Kuriaren Estatutua

IX Izenburua Eleiz Auzitegia

 

53. ARTIKULUA

§ 1. Eleizbarrutiko Kuria Judizialak, Justiziarako Kuriak edo Eleiz Auzitegiak, Eleizbarrutian justiziarako dagoan erakunde lez, laguntza emoten deutso Eleizbarrutiko Gotzainari epai-agintearen garapenean, eta lehen instantziako Auzitegi arrunta da Eleizbarrutian eleizaren foruari dagokiozan eta beste auzitegi baterako bereizita ez dagozan auzietarako.

§ 2. Zuzenbideak holan zehazten dauanean, ahalmen administratiboaren garapenean be laguntzen deutso Gotzainari; era berean, Gotzainak Auzitegiaren edo bertako kideen esku itzi daikez bere izatasunagaz bat datozan beste egiteko batzuk edo laguntza teknikoa eskatu deikie.

§ 3. Auzi Bikarioak eta Eleizbarrutiko gainerako Epaileek Auzitegi bera osatzen dabe Gotzainagaz eta, ondorioz ez dago honi hareen epaien aurkako apelazinorik aurkezterik.

54. ARTIKULUA

Eleizbarrutiko Eleiz Auzitegiaren eskumenak dira:

1. Legez beste auzitegi baterako bereizita ez dagozan kausa judizialak, auzi zein penalak; batez be ezkontzen deuseztasunerako kausak.

2. Ezkontza-prozesu administratiboen bideratzea, Zuzenbidean ezarritakoaren arabera, batez be:

— Ezkontzaren deuseztatzerako, apurtutakoa eta burutu bakoa zein fedearen alde edozein formatan.
— Ezkontidearen ustezko heriotzaren adierazpenerako.

3. Esku-hartzea, eretxia emonez beharrezkoa danean, Ordinarioaren aldetik ezkontza kanoniko barrirako betoa kentzeko prozesuan.

55. ARTIKULUA

§ 1. Auzitegiko Moderatzailea dan Eleizbarrutiko Gotzainari dagokio batez be:

1. Bere ahalmen betearazle edo administratiboaren arabera, Auzitegirako izendapenak egin eta bere funtzionamentu ona jagon eta kideen prestakuntza egokia zaindu.

2. Bere ahalmen legegilearen arabera, Auzitegiaren araudia eta bere aldaketak onartu.

3. Bere ahalmen judizialaren arabera, Zuzenbidez beren-beregi ez salbuetsitako auziak epaitu lehen instantzian. Berak zehazten ditu ezkontzaren deuseztapenerako arrazoiak prozedura laburrez, beste arrazoi batzuk gordeteko aukera izanda. Gainerako kasuetan eleizbarrutiko Epaileen bidez gauzatzen dau ahalmen hau.

§ 2. Auzi Bikarioa::

1. Epaile lez esku-hartzen dauan auzietan justizia administratzeaz gainera, normalean Auzitegian buru da Gotzainaren izenean, justiziaren administrazinoa Zuzenbidearen arabera gauzatzea jagonez.

2. Ahalmen arrunt bikario judiziala dagokio eta Eleizbarrutiko Gotzainak delegatutako ahalmen administratiboa be badau aparteko eskuordetzerik behar ez daben eta Auzitegiari dagokiozan ekintza guztietarako. Bereziki, Auzitegiaren Zuzenbidearen araberako jarduerari buruzko arauak emon daikez Estatutu honetan edo Auzitegiaren Araudian araututa ez dagozan alderdietan, Gotzainari, berari dagokiozan aldaketa normatiboak proposatu behar deutsazalarik.

3. Zuzenbideagaz bat, Auzitegiaren araudiak ezarritakoaren arabera, epaileen eta auzi bakotxean esku-hartuko daben gainerako personen izendapenaren, epai-tasen salbuespen eta murriztapenen eta ofizioko abokatuen izendapenaren inguruan ebatziko dau.

4. Auzitegiaren egoera eta jardueraren barri eongo deutso Eleizbarrutiko Gotzainari, gairik nabarmeneen inguruan jakinaren gainean jarriko dau eta jarduera hobeagorako ezinbestekoa dana proposatuko deutso.

5. Auzitegiko gainerako kideei kontsulta egingo deutse erabagirik garrantzitsuenen inguruan.

§ 3. Alboko Auzi Bikarioa:

1. Epai Bikarioari laguntzeko komenigarritzat joten bada izendatuko da.

2. Epai Bikarioaren zuzendaritzapean ahalmen ordinario bikarioa garatzen dau, Eleizbarrutiko Epaile lez dagokion epaitzeko ahalmenaren kalte barik.

3. Ezinduta edo kanpoan dan Epai Bikarioaren lekua hartzen dau gai arruntetan. Alboko Auzi Bikariorik ezean, Epai Bikarioak delegatu izan dauan eleizbarrutiko Epaileak ordezkatuko dau edo, holakorik ezean, izendapendatagaitik zaharrenak.

56. ARTIKULUA

§ 1. Eleizbarrutiko Gotzainak Auzitegiko kide honeen izendapenak egingo ditu, Zuzenbiezko beharrizan eta aginduen arabera:

1. Auzietarako txandaka izendatzeko Zuzenbidez eskatutako baldintzak dabezan eleizbarrutiko Epaile nahiko.

2. Justizia sustatzaile edo Fiskala auzi penaletarako, eta tartean dan auzietan on publikoaren alde egiteko.

3. Loturaren Defendatzailea, ezkontzaren deuseztasun edo desegiteen auzietan eta ordena sagaratuen deuseztasunen auzietan esku-hartzeko.

4. Auzi-entzulea, epaile presidenteak izendatu ahal izango dauana auziak bideratzeko.

5. Aholkulariak, Auzi Bikarioak Epaile bakarrak zehazteko auzietarako, prozedura laburrez Gotzainaren aurrean bideratutakoak barru, izendatu daikezanak, bideratzailea bera aholkularietako bat izan daitekelarik. Dana dala, Gotzainaren kontrako oharpenetan izan ezik, aholkulari izendatu ahal izango dira paragrafo honetako lehenengo lau izendapenetako bat edo 57 § 1 artikulukoa jaso dabenak, beti be, alde pribatu edo publikoaren aldeko auzi berean esku-hartzen ez badabe, ezta 57 § 3 artikuluri dagokionean be.

6. Notarioa, aktak idazteko eta Auzitegiaren aurrean egindakoaren fede publikoa emoteko misinoagaz.

§ 2. Auzi Bikarioak:

1. Arrazoi zuzenez ad casum jardun ahal izango dau Eleizbarrutiko Gotzainak ofizioetarako izendatutakoen artean ez dagozan aukerako personak izendatuz, artikulu honen § 1 atalean aitatutako 4., 5. eta 6. Ofizioetarako, Zuzenbidean ezarritako bateraezintasunak tinko geratuz.

2. Prozedura laburrez Gotzainaren aurrean ezkontzen deuseztasunak ebazteko, Zuzenbidearen arabera aukerako personak izendatuko ditu Bideratzaile eta Aholkulari lez, batez be Auzitegiaren eta Gotzainaren beraren laguntzaileen eta konfiantzazko personen artean.

57. ARTIKULUA

§ 1. Auzitegiak, Gotzainak izendatutako Patrono egonkor bat edo batzuk edo Abokatu egonkorrak izango ditu; Auzitegiak euren esku izten dituanen eta euren nahierara izendatzen dabezan aldeen Abokatu eta Prokuradore lez jardungo dabe.

§ 2. Aldeek euren nahierara izendatu ahal izango dabe euren konfiantzazko beste Abokatu bat, Eleizbarrutiko Gotzainak onartuta ala Rotako Abokatu-titulua dauana. Aitatutako onespenik edo titulazinorik ez dauan Abokatua izendatzeko, Epai Bikarioaren ad casum onarpena lortu beharko dau, Zuzenbidean eskatutako
baldintzak beteta.

§ 3. Auzitegiak doako zerbitzua eskainiko dau fededunei Auzitegian auzia sartzeko aukeraren eta jardunbidearen inguruan informazinoa eta aholkua emoteko, batez be ezkontzaren deuseztapenerako auzietan. Normalean, Patrono edo Abokatu egonkorrak eskainiko dau aholkularitza-zerbitzu hau.

58. ARTIKULUA

Auzitegiak, Eleizbarrutiko Gotzaitegiko ezkontzetarako notaritzagaz eta beharrezkoa danean Histori Artxiboagaz hartu-emonean jarduteaz gainera, harremana izango dau Eleizbarrutiko gainerako erakundeakaz, batez be Fede-zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritzagaz eta Familia Biderapenerako Lagungo Fundazinoagaz, besteak beste, ondorengoak suspertzeko helburuagaz:

  • Epe luzera, ertainera eta laburrera ezkontza prestatzeko heziketa prozesuak.
  • Akonpainamentua senar-emazte gazteei, gatazkak saihesteko.
  • Adiskidetzerako familia pastoraltza, ezkontza-apurketak saihesteko.
  • Pastoral arreta, apurketen eraginez sufritzen dabenei.
  • Auzitegiaren eta bere eginkizunaren ezagutza era bateko eta besteko eleiz eta gizarte eremuetan.
  • Gainerako erakundeek Auzitegiari eskaini deikeoen laguntza teknikoa.