Barriak
Etiquetado como: Oroimena
Hiru lagun solasean euskerari eta Eleizari buruz, Eleizbarrutiaren 75. urteurrenean
Ander Manterola, Benito Ansola eta Jose Felix Zamakona abadeek Alkarren Barri aldizkariak, Bizkaia Irratiagaz batera, antolatu eban mahai-inguruan parte hartu eben. Euskeragaz eta euskal kulturagaz konprometitutako hiru abadeok Eleizari dagokionez gizartean gertatu diran aldaketen inguruan jardun eben. Bizkaia Irratiko zuzendari dan Javi Onaindiak moderatutako solasaldian, etorkizuneko alkarteari begira be jarri ziaran eta "txikiagoa, beroagoa, sutsuagoa eta sendoagoa" izango dala esan eben. Gaur, Euskeraren Nazinoarteko Egunez, komunikazinorako sailak solasaldi horren bideoa aurkeztu dau.
Zabalik da misino-azoka Begoñan
Asteburuan zabaldu dabe Begoñako misino-azoka. Basilikako eleizpearen azpian dagozan lokaletan jarri dabe, ohikoa danez, eta abenduaren zortzira arte egongo da zabalik (Ordutegia: 11:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:30etara; azken egunean, goizez bakarrik).
Migrazino-gertaerari buruzko gogoeta Barandiaren Kristau Alkartearen eskutik
Abenduaren 14an, migrazino-gertaeraren inguruko gogoetarako saioa ospatuko da Begoñako Gogarte Etxean, 10:00etatik 14:00etara. Xabier Aierdi soziologoak, Ramón Ibeas teologoak eta Jesús Prieto Deustuko Unibertsitateko antropologia-irakasle erretiratuak parte hartuko dabe. Saioan izena emoeko (bazkaltzen geratuko dan ala ez adierazoz), mezua bialdu helbide elektroniko honetara: bka.euskadi@gmail.com Izena emoteko azken eguna, abenduaren 10a.
Hasi da Abendualdia
Hainbat jarduera ospatu da Eleizbarrutian Abendualdiko lehenengo domekan. Gainera, Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoaren sustapenerako taldeak lagungarriak prestatu ditu, domeketako Eukaristietan, katekesian, ikaxtetxeetan edo erakundeetan lantzeko.
HOAC mobimentuak etenbako heziketarako erretiroa egin dau Berrizen
Asteburuan, Ekintza Katolikoko Langile Ermandadea (HOAC) mobimentuak etenbako heziketarako sarrerako ikastaroa ospatu dau Berrizko Mesedetako Misiolarien komentuan. Alde Zaharreko, Barakaldoko eta Errekaldeko militanteek parte hartu dabe Juani Sosa Kanarietako HOAC mobimentuko militanteak gidatu dauan saioan.
Agurra eta ondo etorria eskauten batzarrean
Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak bere batzar nagusia ospatu eban atzoko egunez. Oroitza-txostena aurkezteaz gainera, karguak barritu ebazan eta mobimentuari dagokion hainbat gai landu. Orain arte kontsiliario izan dan Sergio Buiza agurtu eben eta Alex Andreu kontsiliario barriari ondo etorria egin eutsen.
Asteburuan, alkartasuna eta musika
Zapatuz, Fair Saturday dalakoa zala-eta, Bizkaia musikaz bete eben alkartasunezko kontzertuez gainera, asteburuan jostailu-azoka egin da Barakaldon (aurton, Caritasek kudeatutako jantokiaren alde) eta GKEen azoka, hau be Barakaldon, berrogei erakunde inguru batu zalarik, besteak beste, Caritas Bizkaia, Esku Elkartuak edo Yan Lur.
Afari-barriketa Sestaon: "Lekuko Eleiza: sustraiak eta erronkak"
"Lekuko Eleiza: sustraiak eta erronkak" goiburuaren eta Bilboko Eleizbarrutiaren sorreraren 75. urteurrenaren harira, barikuz urteroko afari-barriketa ospatu zan Sestao Pastoral Barrutian (PB). Kerman Lopez bikario nagusiak e parte hartu eban eta Sestaoko Eleizaren historiaren errepasoa egin eban. Azaldu dabenez, "langileen herri honen industria eta kultur garapenari lotuta egon diran Eleizaren historia horren unerik esanguratsuenak nabarmendu ebazan".
Eskuratu dozu Mufungaren Adiskideak Fundazinoaren aldeko postal solidarioa?
Beste urte batez, Abendualdian, Bilboko Abandoko San Bizente Martiria parrokiako Hego Berria/Compromiso Sur taldeak gabon-txartel solidarioa atara dau eta euro baten truke erosi daiteke, azoka eta parrokietan eta San Bizente parrokian bertan, sakristian. Batu daiten dirua, Mufungaren Adiskideak Fundazinoak lagunduta, Mufungako (Kongoko Errepublika Demokratikoa) misinoetan heziketaren arloan garaten diran egitasmoetarako izango da.
Gabon-txartel 'probokatzailea' aldizkariaren azalean
Gaur argitaratuko da Alkarren Barri aldizkariaren abenduko alea euskarri digitalean. Azalean, Eleizbarrutiak Gabon-agurrerako erabiliko dauan irudia jasoten da. Gotzaina buru zala, 2019an Lurralde Santura erromes joan zan Eleizbarrutiko taldeak ekarri eban jaiotza da. Suntsiketa eta sufrimentu itzela jasaten dihardue lurraldean eta, horrexegaitik, guztiz esanguratsu da jaiotza hori. Jaiotzaren kokapena, erabat txikitutako ingurua da, eta goiburua, "Ez egoan lekurik ostatuan".