Barriak
Etiquetado como: Bidaia
Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak
Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org
Parte hartu gura dozu Eleizbarrutiak antolatuta Lourdesera egingo dan erromesaldian?
Lourdeseko Andra Mari Bizkaiko Hospitalitateak Eleizbarrutiko erromesaldia antolatu dau beste urte batez. Euren esanetan, "erromesaldia ez da Lourdesera egiten dan bidaia hutsa; otoitza eta hausnarketa eragingo dauan giroa eskaintzen dogu, santutegiak eskaintzen dituan jarduerakaz bat egiteaz batera". Erromesaldia, urriaren 13tik 15era egingo da. Gehiago jakiteko eta izena emoteko, 94 415 75 39 telefonora deitu.
Jose Luis de la Fuente abadea hil da, "lagun ona eta gazteen ondoan egoten ekiana"
Atzo -eguena-, Jose Luis de la Fuente Alvarez Eleizbarrutiko abadea hil zan Areetan, 90 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna datorren astelehenez, irailak 11, ospatuko da Areetako Mesedetako Ama parrokian, 19:00etan.
Itsaspeko Ama Birjinaren tronuratzearen 60. urteurrena Gaztelugatxen
Datorren domekaz, irailak 10, Begoñako Ama Birjinaren Itsaspeko Tronuratzearen 60. urteurrena ospatuko da Gaztelugatxeko San Joanen. Domekan bertan, goizeko 11:00etan, hainbat itsasontzi abiatuko da Bermeoko portutik Gaztelugatxeko San Joaneraino eta eguerdiko 12:00etan Eukaristia ospatuko da monolitoan eta, ondoren, lore-eskaintza egingo dabe.
Bihar, Sokorruko Ama Birjinaren eguna Pobeñan
Bihar -irailak 8, barikua- Sokorruko Ama Birjinaren erromeria ospatuko da Pobeñan. Ohitura handiko jaia da eta Bizkaiko leku askotako ehunka lagun batzen da ermitan, asko eta asko oinez joaten dalarik bertaraino. Ekitaldirik jentetsuenetakoa prozesinoa izango da, goizeko 11:30etan ermitan atara eta Bariko San Nikolas parrokiara iritsiko dana, bertan Meza Nagusia ospatzeko.
Eroskiren "zentimo solidarioak" egitaraua Caritas Bizkaiaren alde
Eroskik irailean "zentimo solidarioak" kanpainaren bidez batu daian diruaren zati bat Caritas Bizkaia erakundeak nagusi ei eta zahartzaroari eskaintzen deutsen sailerako izango da. Gehiago jakiteko: hemen
Sei kontzertu Zornotzako "Eleizetan" jaialdian
2002tik hasita urtez urte ospatzen da “Eleizetan” ganbera-musikaren jaialdia Zornotzako eleiza eta ermitetan. Datorren zapatuz emongo deutse hasiera kontzertuei eta irailean kalitate handiko musikaz gozatzeko aukera izango dabe emonaldietara hurreratu daitezan guztiek. Gainera, jarduera honi esker, udalerrikoermita eta eleizak bisitatzeko aukera izaten da. Udaletik azaldu dabenez, "hainbat monumentu bisitatu daitekez, esate baterako, Dudeako San Migel eta Boroako San Pedro ermitak, Bernagoitiko San Migel, Etxanoko Andra Mari edo Zornotzako Andra Mari eleizak eta beste hainbat".
Ezagutu gura dozu Durangoko Andra Mari basilika?
Durangoko Turismo-bulegoak bisita gidatu bi egingo ditu datorren zapatuz, irailak 9, Durangoko Andra Mari basilika barrutik ikusteko. Lehenengoa, gaztelaniaz, goizeko 10:00etan izango da eta bigarrena, euskeraz, eguerdiko 12:00etatn. Jardueragaz bat egin gura dauanak, aurretik izena emon behar dau 94 603 39 38 telefonora deituz edo turismo@durango.eus helbide elektronikora mezua bialduz.
Zapatuz hasiko da Ziortzako kontzertu-saila
Datorren zapatuz, irailak 9, "Ziortza Kontzertuak" jaialdiaren XXXV. ekitaldia hasiko da. Irailaren 9, 10, 16 eta 17an ospatuko da Ziortzako kolegiatan eta autobusa jarriko dabe Bilbon (Elkano, 5, autobus geltokian, Txabarri jauregiaren aurrean) bertara joateko. Arratsaldeko 16:00etan atarako da autobus hori eta 15 minutu aurretik hartu beharko da lekua. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, doako autobus-zerbitzua jarriko da Bolibarretik Ziortzara joateko. Gehiago jakiteko eta lekua gordetzeko: hemen
Euskal Herriko 12 herritan garatuko da "Camino Escena Norte" egitaraua
Eleiz Museoko klaustroan aurkeztu zan atzo -astelehena- "Camino Escena Norte (CEN)" deitutako egitasmoa. Honen bitartez, trukea sustatu gura da arte eszenikoen arloan, irailaren 17tik urriaren 22ra garatuko dan egitarauaren haritik 60 lekutan, Galizian, Asturiasen, Kantabrian, Euskal Herrian eta Nafarroan. Gehiago jakiteko: hemen