Barriak
Etiquetado como: Ermua
Mundakan, barriro jarri dabe lapurtutako kurutzea
Mundakako Goiko kalean orain dala denporaldi bat lapurtu eben kurutzea barriro jarri eta bedeinkatu dabe. Lagun asko batu zan kurutzearen ondian, otoitz eta musikaz bustitako ekitaldian. Herriaren historia, legatu eta fedearen erakusle dan kurutzea barriro jarri eta bedeinkatu egin eben.
Eleizbarrutiko ordezkaritza gazte pastoraltzarako arduradunen biltzarrean, Tenerifen
Urriaren 3tik 6ra ospatu da Tenerifen gazte pastoraltzarako ordezkari eta arduradunen biltzarra, Gaztaro eta Haurtzarorako Espainiako Gotzainen Batzarreko Gotzain Azpibatzordeak antolatuta. Bilboko Eleizbarrutia ordezkatuz, bestak beste, Maria Manrique Fede-zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritzako kidea eta Susana Mallo Jesusen Mirabeak ordenako monja izan dira saioetan.
Fede sarbiderako prozesuei buruzko saioa Sebastian Moraren eskutik
Bihar -urriak 8, martitzena-, kristau sarbideko eragileei zuzendutako saioa ospatuko da, 9:30etatik 12:30etara, Begoñako Gogarte Etxean. Sebastian Morak gidatutako tailerrean, gizarte-karitate alderdiaren argitan fede sarbiderako prozezuak barritzeko bideen inguruan gogoeta egingo dabe.
Astekoak, Eleizbarrutiko barriak
Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org
200 ibilbide, bisita eta tailerretik gora, Ondarearen Europako Jardunaldietan
"Bide, sare eta loturen ondarea" goiburua aukeratu dabe Ondarearen Europako Jardunaldien Bizkaiko 24. ekitaldirako. Urrian ospatuko dira jardunaldiok eta, guztira, 200 ekitalditik gora egingo da lurraldeko 72 herritan. Ehun inguru dira esku-hartuko daben alkarte eta erakundeak, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta.
Joe Gitterman eskultoreak eskultura sortu dau Urkiolarako
New Yorkeko eskultorearen "Urkiolako Pagoa" artelana santutegiko eremu sagaratu eta naturalean txertatuta geratuko da datorren domekatik -urriak 6- aurrera. Eskultoreak ekarpen hau egin gura izan deutso 75. urteurrena ospatzen diharduan Eleizbarrutiari orain dala bost urte aurkitu eban eremuan. Inguruak berak inspiratu dau euskal pagoaren muina" harrapatu gura dauan eta "bisitariei itxaropena, poztasuna eta goiargia emon" gura deutsen artelan bakar hau sortzeko. On Joseba Segura gotzaina izango da buru eguerdiko 12:00etan ospatuo dan Eukaristian eta, ondoren, artelana bedeinkatuko da, …
Diakonotzaren eguna
Beste urte batez, Asisko San Frantziskoren egunetik, hau da urriaren 4tik gertuen dagoan domekan, Diakonotzaren Eleizbarrutiko Eguna ospatuko da. Aurton, beraz, etzi, urriak 6, domeka, ospatuko da egun hori.
'Verbum Dei' alkarteak kurtsorako jardueren egitaraua aurkeztu dau
'Verbum Dei' Misino-alkarteak dei egin dau 2024-2025 kurtsorako prestatu dabezan proposamen ebanjelizatzaile bietan parte hartzeko. Alde batetik, Hitzaren eskola aurkeztu dabe (hilaren bigarren eguaztenez) eta, bestetik, Otoitzerako taldea (hilaren azken eguaztenez). Jarduerok Indautxuko Karmeneko Ama eleizako lokaletan (5. solairua, ezk.) izango dira, 18:30etatik 19:45etara. Hartu-emonetarako telefonoa: 94 624 12 84.
"Zugaitik, nigaitik, gizalegezko lana”
“Zugaitik, nigaitik, gizalegezko lana / Por tí, por mí , trabajo decente”, goiburua aukeratu dau aurton X. urteurrena bete dauan Eleiza GIzalegezko Lanaren alde ekimenak urriaren 7an ospatuko dan Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Egunerako.
Mufungaren Adiskideak Fundazinoak 10 urte bete ditu
"Mufungaren Adiskideak" Fundazinoak hamar urte beti ditu eta hainbat jarduera ospatuko dau urrian eta azaroan urteurren hori ospatzeko. Esate baterako, bihar -urriak 5, zapatua-, kontzertu solidarioa ospatuko da Bilboko Abandoko San Bizente Martiria parrokian, 19:30etan, "Sonrisas y lágrimas" pelikulako abestiak kantatuko dituan Iralabarriko San Antonio koralaren eskutik.