29-03-2026 Domingo, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 14 prozesinok eta Kurutze-bideak zeharkatuko dabez Bilboko kaleak gaurtik hasita
27.03.2026

14 prozesinok eta Kurutze-bideak zeharkatuko dabez Bilboko kaleak gaurtik hasita

9 kofradiatako 4.300 kofradiakide baino gehiagok parte hartuko dau Bilboko Kofradien Ermandadeak Aste Santurako antolatu dituan ekitaldietan. XVII. gizalditik hasi eta XXI. gizaldirainoko 36 pausu eroango dabez prozesinoan.

Gaur, Doloretako barikua, Nekaldiaren kofradiaren Doloretako Andra Mariaren prozesinoa atarako da kalera. Abandoko San Bizente Martiria parrokiatik abiatuko da, 20:30etan.

Gotzainaren mezua kofradiakideei

On Joseba Segura gotzainak kofradiei zuzendutako mezuan nabarmendu dauanez, prozesinoetako pausuak eta eroaten dabezanak Bilboko Aste Santuaren funtsezko zati dira. “Iraganeko artistek euren fede eta sentsibilitate erlijiosoa agertu eben irudi honeetan, eta gaur egun zuek jagon eta erakutsi egiten dozuez Kristoren nekaldi, heriotza eta biztueraren misterioa agertzera emoteko”.

“Penitentzia-kofradiako kide egitea, beste ezer baino lehen, senidetasunezko konpromisoa hartzea da. Bere burua Jainkoak adierazotako egitasmoaren alde leialtasun osoz emon dauan Jesusegaz bat eginda sentitzen diranei atxikitzea da. Aste Santuan, Jaunagaz bat egiten dogu bere hilzorian, Gizonaren Semeagaz Getsemaniko bakardadean, bere Gorputz eta Odola gure alde emoten dituanagaz, kurutzea eta bertan gure pekatuen zama bere gain hartu ebanagaz”.

Gotzainaren esanetan, “guztion nortasun honetan, garrantzitsuena ez dira bakotxaren berezitasunak, anai penitenteen eta salbatu egiten dituan Jaunaren arteko alkartasuna baino. Banakotasunak amore emoten dau senidetasunaren aurrean, alkartasuna indibidualismoaren gainetik nagusitzen da”.

Prozesinoak

Bihar, zapatua, martxoak 28, Begoñako Andra Mari kofradiaren Karitatearen Andra Mariaren prozesinoa. Kurutzea parrokiatik abiatuko da 12:00etan.

Eta bihar bertan -zapatua-, arratsaldeko zazpiak eta erdietan,Eukaristia Santuaren penitentzia kofradiaren zutabera lotutako Jesus eta Arranguraren Andra Mariaren prozesinoa hasiko da Jesuiten egoitzan.

Martxoaren 29an, Erramu-domekaz, Nekaldiaren kofradiaren Astotxoaren prozesinoa egingo da. Abandoko San Bizente Martiria parrokiatik abiatuko da 12:00etan.

Gotzaina, Nazaretarraren prozesinoan

Martxoaren 30ean, Astelehen Santuz, Gure Aita Jesus Nazaretarraren Errege kofradiaren Nazaretarraren prozesinoa Asisko San Frantzisko parrokiatik (Quinta parroquia) atarako da 20:30etan. Beran izango da On Joseba Segura eleizbarrutiko gotzaina. 

Martxoaren 31an, Martitzen Santuz, Mesedetako Andra Mariaren kofradiaren Pietatearen prozesinoa ospatuko da, 20:30etan San Nikolas eleizatik abiatuta. 

Apirilaren 1ean, Eguazten Santuz, Santa Vera Cruz kofradiaren Bakardadearen Andra Mariaren prozesinoa egingo da. Joan Santuak parrokiatik abiatuko da 20:30etan.

Apirilaren 2an, Eguen Santuz, 12:00etan hasiko da Nekaldiaren kofradiaren Osasunaren prozesinoa Abandoko San Bizente Martiria parrokian. 19:15etan atarako da Joan Santuak parrokiatik Santa Vera Cruz kofradiaren Afari Santuaren prozesinoa. 

Bariku Santua: 3 prozesino eta Kurutze-bidea

Apirilaren 3an, Bariku Santuz, Mesedetako Andra Mariaren kofradiaren Isiltasunaren prozesinoa goizeko 5:30etan hasiko da Bariko San Nikolas eleizan. Santa Vera Cruz kofradiaren Kurutze-bidea 8:00etan hasiko da Joan Santuak parrokian.

“Madre de Dios de las Escuelas Pías” deritzanaren Enkontruaren prozesinoa be Bariku Santuz ospatuko da, Karmengo Ama parrokiatik 12:30etan abiatuta. Eta arratsaldeko 19:15etan abiatuko da Joan Santuak eleizatik Santa Vera Cruz kokfradiaren Hobiratze Santuaren prozesinoa.

Apirilaren 4an, Zapatu Santuz, Santiago Apostoluaren Penitentzia kofradiaren Itxaropenaren prozesinoa ospatuko da, San Jose parrokiatik (AA. Agustindarrak) 18:00etan abiatuta.

Apirilaren 5ean, Pazko Egunez, 13:00ean hasiko da, Bilbao Uribilduko Penitentzia Kofradien Ermandadeak antolatuta, Argi eta Berbizkundearen prozesinoa, Santiago katedralean hasi eta amaituz.