Maiatzaren 17an, Bizkaiko Eleizak bere sorreraren 75. urteurreneko ekitaldia ospatuko dau BECen ospatuko dan azokagaz. Hirugarren pabiloiko ateak goizeko hamarretan zabalduko dira eta hasierako ekitaldi ofiziala, gotzaina eta hainbat herri agintari buru, hamaiketan izango da.
Goizean, askotariko jarduerak izango dira aldi berean, esate baterako, musika-emonaldiak eta tailerrak. Pabiloian, 90 stand inguru jarriko da eta txiki-gunea be jarriko dabe txikienen gozamenerako. Kapera be izango da otoitz egiteko eta adiskidetzearen sakramentua jasoteko aukera be emongo da.
Ordu batean ospatuko dan Eukaristiaren aurretik prozesinoa egingo da Begoñako Amatxuren irudiagaz. Mezetan, Bizkaiko Eleizaren aniztasuna agertuko da, adin, jatorri eta bokazino desbardinetako pertsonen partaidetzagaz. Bilboko eleizbarrutiak 4.000 forma eskatu ditu eleizkizunerako.
Santa Monika komentuko ostiak
Monja agustindarren gozogintzako lantegian egiten dabez Bizkaiko parrokia gehienetan erabilten diran formak. Uruna eta ura erabilten dabez horreek egiteko. Hondarrakaz, forma-zatiakaz, litxarreria-dendetan saltzen dan ‘aingeru-ogia’ egiten da, Jane Severin nagusiak nabarmendu dauanez “azken urteetan eskari-kopurua asko gitxitu bada be”.
Lehen aita santu agustindarra
Ama Nagusiaren esanetan, Leon XIV.a aita santuak hainbat bider bisitatu dau euren monasterioa. Severinek nabarmendu dauanez, orduan Aita Nagusi zan Robert Prevostek ez eban bereizketarik egiten eurakaz. “Jakin-minez hurreratzen zan eta oso gertuko agertzen. Bere izendapenak asko poztu gairu. Onuragarri da agustindarrontzat eta Eleizarentzat”.
Orain, bere alde otoitz egitea dagokie, “Jaunak lagun egin deion kargu garrantzitsu honetan”.