Datozan egunetan helduko da harpidedunen etxeetara Alkarren Barri aldizkariaren kurtsoko azken alea. Gaur argitaratu da multimedia euskarrian, bideo eta argazkiakaz.
Askotariko gaien artean, Ernesto Diaz kazetariak Eleizea plazara ekitaldiari buruz egindako kronika nabarmentzen da. Erdiko orrialdeetan, bestalde, Leon XIV.a aita santuaren izendapena eta honek Bizkaiara egin izan dituan bisiten ingurukoak jasoten dira. Hain zuzen be, aldizkariaren arduradunek aita santua euren etxean hiru bider hartu daben Bilboko monja agustindarrei eta Erroman beragaz ikasketak egin ebazan fraile agustindarrari -honen eskutik ezagutu eban Bzkaiko hainbat herri 1982ko udan- egin deutsie alkarrizketa.
Beste hainbat gai
Bukavu eta Kasongoko (Kongoko E.D.) Caritaseko arduradunei egindako alkarrizketa eta lurralde haretan bizi daben egoera larriaren barri emoten da aldizkarian. Horrezaz gainera, kaputxinoen Otxarkoagako alkarteak agur esan dauala eta ekainaren 14an, Gernikan gizarte jubileua ospatuko dala irakurri daiteke, besteak beste, ekaineko Alkarren Barri aldizkarian.
Kolaborazinoen sailean, Bizkaiko Eleizaren Historia Arttxiboak amaiera emon deutso eleizbarrutiko historiako 75 urteko historiari egin deutsan errepasoari. Aldizkarian argitaratutakoaren osagarri lez, Anabella Barroso artxiboko zuzendariak Radio Popular-Herri Irratian emititzen dan podcast baten zabaltzen ditu gertaera nagusiak. Esate baterako, erregistratutako lehenengo bateatua Antonio izeneko pertsona bat dala, Munitibarkoa, 1500ekoa.
Jose Ignacio Iturmendik, stand batez arduratu zan Eleizea plazara azokan, bidezko merkataritzako produktuei eta Kidendari buruzko artikulua idatzi dau.
Presbyterium ministerio ordenatuari eskainitako atalean, Carlos Azkona misiolaria haserre, eta aldi berean itxaropenez, agertu da Amazonasen bizi dan egoeraren aurrean.
Arteari eskainitako sailean, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogoaren aurkezpena agertzen da, “Europako gertaera gogoangarritzat” jota.
Honako gaiok eta beste hainbat irakurri zeinkez, gura badozu etxean, 16 euroren truke. Datorren kurtsoko lehenengoa, urrian argitaratuko da.
Harpidetzak: hemen