20-04-2024 Sábado, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko barriak minutu baten
30.04.2023

Eleizbarrutiko barriak minutu baten

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

‘Astekoak’ minutuko laburpenari hasiera emoteko, Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoa eleiztarren artean zabaldu gura dala jakinarazoten da.

Ahalegin horretan, Egitasmoaren sustapenetako taldekideek azaldu dabenez, “eta domekaz mezetara doan lagun askok prozesuan ez dauala parte hartu jakinda, informazino gehigarria eskainiko jake eta dei egin, eurenganatu eta garatu leiken ekintzaren bategaz konprometitu daitezan”.

‘Bizkaia isilik’ bilkurak

Beste alde batetik, web orrialdean ‘Bizkaia isilik’ bilkuretarako hileroko deialdia be egin da. Apirileko bilkuran, gure inguruan lagun askok eta askok -eta batik bat etorkinek- jasaten dauan laneko behin-behinekotasuna gogoratu eta salatu da.

Antolatzaileek azaldu dabenez, “lanean behin-behinekotasuna jasateak zera esan gura dau: laneko baldintzek ez dabela bizitza planifikatzen izten eta okerragoa dana, hilaren azkenera estutasun barik iristea edo hipoteka edo alokairua ordaintzea ezinbesteko egiten dabela. Eta gazteek, behin-behinekotasun hori dala-eta, egundoko arazoak dabez burujabetzeko”.

Bokazinoa

Carlos Gomez Virseda jesuitak bokazino pastoraltzari buruz Begoñako Gogarte Etxean eskaini dauan berbaldiaren barri be emon da webean

Apirilaren 30ean Bokazinoen aldeko Munduko Eguna ospatuko dala-eta, Eleizbarrutian hainbat jarduera ospatzen ari da, tartean, aitatutako berbaldi hau.

Bokazinoaren arloan, Eleizbarrutiko hiru abadegaik datorren domekan emongo daben urratsa be nabarmendu da webean, izan be, akolito-ministerioa hartuko dabe. Juan Reyero, Gaizka Egaña eta Marco Antonio Muñoz dira ministerioa hartuko daben abadegaiak.

Larogeta zortzi urte ebazala hil dan Andoni Erkoreka Ugalde Eleizbarrutiko abadearen heriotzaren barri be emon da aste honetan.

Misinoak

Misino-familiakoak, ohikoa dabenez, Urkiolan batuko dira maiatzaren 1ean. Aurton, beste gauza batzuen artean, Euskal Eleizbarrutietako Misinoen 75. urteurrena ospatuko dabe.

Ondarerako Eleizbarruti arteko topaketa be ospatu da Bilbon. Estatuko hainbat Eleizbarrutitako ordezkariak batu dira eta kultur ondarea sustatzeko esperientzia turistikoen egitasmoan sakondu dabe. 

Hona hemen Eleizbarrutiko asteko barriak, ‘Astekoak’.