Aldizkariaren 317.alearen azalak tradizinoa eta modernitatea nahastatzen ditu. Bilboko Eleiz Museoan dagoan beiratea da, non adimen artifizialaren teknikez baliatuz “2026” zenbakia txertatu dan.
NBEak Garapen Jasangarrirako Boluntarioen Nazinoarteko Urte izendatu dauan honetan, konposizino honek ondare historiko-erlijioso aberatsaren eta gaur egungo bitartekoen arteko hartu-emona irudikatzen dau.
Bake ‘armagabetua’ eta gizarte-ingurumen garrasia
Aldizkariaren hasierako orrialdeetan, aita santuak Bakearen Egunerako idatzitako mezuaren txatalak jaso dira. Izenburua, adierazgarria da: “Bakea zuekin: bake armagabetu eta armagabetzailearen alde”. Gatazkaz betetako testuinguru orokorraren eta gastu militar gero eta handiagoaren aitamen esanguratsua egin dau. Azken baten, bihotzak eta egiturak “armagabetuko” dituan bakearen alde egiten dau.
Osoko Ekologia izenburudun sail barria dau aldizkariak. Laudato si’ entziklikaren hamaikagarren urteurrena dala-eta, hilez hil gai honi tarte bat eskeiniko jakola iragarrida. Gizarte-ingurumen krisia eta zuzentasun orokorra eta Hegoaldeko Eleizen iragarpen-egitekoa lotuz bere helburuetan sakontzea da asmoa.
Taupada solidarioa: datuak eta aurpegiak
Urte osoko gai nagusi dan boluntario-lanaren ingurukoak jasotzen dira 1.800 boluntario baino gehiago dituan Caritas Bizkaia erakundeari buruzko erreportajean. Mariangeles boluntarioetako batek helarazoten deusku boluntario-lanaren funtsa: “emon ahal izan dodana baino askoz gehiago jaso dot”.
Gizarte errealitatearen gordintasuna FOESSA IX. txostenaren bidez agertzen da. Euskadin, esate baterako, 259.000 lagun gizarte bazterketan bizi da erkidegoan, 84.000, gainera, egoera larrian. Etxebizitza eta haurren egoera jotzen dira desbardintasunaren eragile nagusitzat.
Artea, misinoa eta heziketa
Aldizkariak omenaldia eskaini deutso Iñaki Garcia Erguin margolariari (1934-2025). Bere ondarearen errepasoa egin dau, batez be eleiz artearena, Erguinen lan nagusia, Bilboko San Anton eleizako erretaula, nabarmenduz.
Misinoaren arloan, Ume Misiolarien Eguna aurkeztu da (urtarrilak 18), “Zure bizitza, misinoa” goiburuagaz txikienen protagonismoa nabarmentzen dauan kanpaina. Heziketaren sailean, Bilboko Ángeles Custodios ikastetxea EBI sarean txertatu dala iragarri da. Ondarroako Arrantza-eskolan, urpean era profesionalean igeri egiteko ikastaro barritzailea martzen jarriko da.
Beste gai batzuk
Alkarrizketa: Javier Lorenzo CONFER Bizkaia erakundeko presidente barriagaz. Erakunde horrek 130 alkarte eta 800 fraile eta monja inguru batzen ditu. Presidentearen esanetan, “itxaropen-lekuko” dira.
Eleizbarrutia: Abendualdiko eta Gabo-aldiko ospakizunak bikaritzetan, txinatar, filipinar, afrikar eta latinoamerikar alkarteen kultur aberastasuna nabarmenzuz.
Erakusketa: “Bizkaiaren espiritua”, Eleiz Museoan, Arte Ederren Museoagaz batera, erlejinoak, industrializazinoaren eta Gerra Zibilaren artean, bizkaitar gizartearen eraldaketan izan dauan eragina azertuz.
Agenda ecumenikoa: Kristauen Batasunareko Otoitz astea urtarrilaren 18tik 25era, hilaren 25ean eleizkizuna izango dalarik Santiago katedralean.
Alkarren Barri aldizkariak dei egiten deutse irakurleei 2026ari mundu osoko eta lekuko erronkei arretaz begiratuz eta fede eta alkarte ekintzatik sortzen dan itxaropen eraginkorrez ekin deioen.







