Otsaileko alean, kandela biztuta agertzen da, argitasunari sartzen izteko dei lez. Argi barriaren ondoan, azalean, Resurreccion Maria Azkuek Lekeition jasotako abesti herrikoia. Kandelario eguneko doinua da, otsailaren 2an hainbat lekutan, esate baterako Gernikan, abesten dana.
Kandelerio lerio atxari ura dario, makatzari madari: eutsi, Peru, ankeari.
Domurun Santurun Santurun txarri andi bat il dogu, buztana ez bestea yan dogu: bera lapikoan daukagu.
Euria dakar menditik Ondarroaren ganetik, eztaukat zapatatxurik banoa Lekeitiotik.”
Goseari aurre egin: gosea sustraitik kendu
Ale honetan, Esku Elkartuak erakundeak sustatutako munduko gosearen aurkako kanpainari leku nabarmena eskeini jako. Erakundeak sakontasunez lantzen dau gai hau eta goseari aurre egin gura deutso, gosea errotik kendu gura dau, ohiko leloetatik urrundu eta bidebakokeria sortzen daben egiturazko arrazoiei -desbardintasuna, aukerarik eza, indarkeria, edo elikadura-eskastasuna, Malawi lako lur emonkorrak dituan herrialdean mahaiak hutsik egotea dakarrena- helduz.
Adin txikikoen babesa
Juan Carlos Cruzi, Eleizan izandako gehiegikerien biktima eta horreen aurkako borrokaren eragile nazinoartean, egindako alkarrizketa zabala be aitagarria da. Berak, salaketatik harago, pastoral eta giza giltzak eskeintzen ditu entzutea, egia eta erreparazinoa, keinu sinbolikoak ez ezik justiziazko edozein prozesuren ardatz dirala ulertarazoteko.
Aita Santuaren Batzordeko kide lez dauan esperientzitik azaldu dauanez, babesa ez da ikastaro edo protokoloen menpe egongo bakarrik: “ezinbesteko dau kultur aldaketa sakona, erantzukizunak hartzea, eta iraganeko akatsak errepikatzea galarazoko daben estandar ebaluagarriak ezartzea”:
Arizmendiarrieta urtea: enpresa, gizartea eta etorkizuna
Arizmendiarrieta urteari eskainitako saila be badau otsaileko aldizkariak. Mondragon kooperatibaren esperientziaren sortzaiearen heriotzaren 50. urteurrena ospatzen danean, gaur egun be euskal ekonomia-ereduan eragina dauan enpresa-pentsamendu honen nondik norakoak azaltzen dira.
HumaniSare, enpresa-jardunbide humanista eta parte-hartzaileak bultzatzen dituan sarea lako egitasmoen barri emoten da. Ideia bat da nagusi: enpresa hobetu gizartea hobetzeko, gaur egun guztiz preminazkoa danez.
Caritas, osasuna, espiritualtasuna eta alkarte bizitza
318. alean, gainera, eleizbarrutian guztiz garrantzitsu diran arloak nabarmentzen dira. Caritas Bizkaia erakundeak, esaterako, boluntario-lanerako ekimen barria, Taupada, aurkeztu dau, besteen alde lan egiten dabenei lagun egiteko eta sendotasuna emoteko soinudun egitasmoa. Beste alde batetik, Gaixoaren Munduko Jardunaldiak “samariar onaren” errukia gaur egun be ezinbesteko dala gogortzen deusku, egoitza eta etxeetan laguntzen urteak daroazan Basi Ramosen lekukotasunaren bidez.
San Inazioren espiritualtasuna be aitatzen da, zarata larregi dagoan munduan pentsatzeko, otoitz egiteko eta bereizteko eremuak sortzea ezinbestekotzat joz.
Kultura, ohitura eta gazteria: mosaiko bizia
Ale honetan, gainera, Sana Agedaren egunaren inguruko usadioak gogoratzen dira eta bikaritzetako gazteen topaketen, EBIren STEAM azokaren edo eleizbarrutiaren 75. urteurreneko erakusketa ibiltariaren barri emoten da.







