Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Amazoniako alkarteek NBEan aurkeztuko dabenaren barri emon dabe Bilbon
21.11.2026

Amazoniako alkarteek NBEan aurkeztuko dabenaren barri emon dabe Bilbon

Zer gertatzen da enpresen interesek lurra, ura eta Amazoniako biztanleen bizimodua arriskuan jartzen dabenean? "Red Eclesial Panamazónica" (REPAM) erakundeko ordezkaritzak -Alboan eta Caritas erakundeekin- itaun hau egingo dau Genevan azaroaren 23tik 25era egingo dan biltzarrean. Enpresa eta Giza Eskubideei buruzko Nazino Batuen 15. Biltzarrean parte hartuko dau. Ordezkaritza hori Bilbon izan da eta Alkarren Barri aldizkariaren abenduko alean euren lekukotasuna jasoko da. 

Cáritas, REPAM eta Alboan erakundeetako ordezkaritza Genevara joango da datorren astean kasu bi aurkeztera: Kolonbiakoa eta Brasilekoa,meatzaritzaren eta abeltzaintza estentsiboaren ingurukoak. Gainera, euren lurraldeen esplotazinoak Amazoniako alkarteetan dauan eraginaz jardungo dabe.

Desagertzen ari dan basoa Brasilen

Brasileko Rondônia estatuko Jaci-Parana erreserba estraktibistarena da aurkeztuko dan kasu bat. Kautxua eta gaztainak batzetik bizi diran familiak eta urbazterreko alkarteak babesteko sortu zan. REPAM-Brasilen arabera, 2012 eta 2022 bitartean, basoa erreserbaren %77an hedatuta egotetik %25era igaro zan. Bitartean, abereentzako larreak %21etik %74ra handitu ziran. Familiek, gainera, mehatxuak, kanporaketak eta eraso armatuak salatu dabez.

Lincoln Fernandes de Lima,Moroko alkarteo buruak eta Welington José Lamburgini, Rondoniako Lurraren Pastoral batzordeko eragileak jardungo dabe.

Babesa eskatuko dabe alkarteentzat, basoa berreskuratzea eta familiek euren lurretara segurtasunez itzultzeko aukera izan dagiela. Legez kanpo okupatutako lurreran hazitako abererik ez erosteko be eskatu deutsie harakintza-enpresei.

Ura arriskuan meatzaritza dala-eta

Kolonbiako Putumayo departamenduko Mocoan Libero Cobre enpresak kobre eta molibdeno meategien bila dihardu. Beste alde batetik, nekazarien eta indigenen alkarteak bildur dira egitasmoak errekak, basoak eta bioaniztasuna kaltetu daikezala-eta Andeek Amazoniagaz bat egiten daben lekuan.

Carlino Muchavisoy Chindoy Yungilloko hezitzaile eta buruzagi indigenak eta Edit Mireya Maya Chicunque, Gizarte Pastoraltzarako Mocoa-Sibundoyko eleizbarrutiko zuzendariak aurkeztuko dabe kasu hau

Ingurumen-ikerketa independenteak eskatuko dabez, argibideak eta alkarteek euren lurraldearen inguruko erabakietan benetan esku-hartzea aldarrikatuko.

Askoren ahotsa

REPAM, Alboan eta Caritas Bizkaia erakundeak Nazio Batuetan batera azalduko dira gizarte eta eleiz erakundeek konpromiso berean bat egin daikiela eakutsiz: gizarte konpromisoa, giza eskubideak eta danona dan etxearen zaintza. Kasu biak desbardinak badira be, bat datoz zerbaiten: pertsonen duintasunak eta izadiaren babesak ekonomia-interesen gainetik egon behar dabe.

Aurton bete dira 15 urte enpresa eta giza eskubideei buruzko NBen oinarriak ezarri ziran arte. Estatuak giza eskubideak zaindu egin behar dabezala gogoratu gura dau ordezkaritzak. Gainera, enpresek eragiten dabezan kalteak prebenitu egin behar dabezn eta eurengaitik erantzun.

NBEan izango diran Brasileko ordezkariak

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Laudato si´