01-04-2026 Miércoles, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Apirilagaz batera, Alkarren Barri aldizkari barria euskarri digitalean
01.04.2026

Apirilagaz batera, Alkarren Barri aldizkari barria euskarri digitalean

Eskuragarri da apirileko Alkarren Barri aldizkaria euskarri digitalean. Ohikoa danez, aldizkaria hilaren lehenengo egunez kaleratzen da euskarri digitalean eta egun batzuetara harpidedunen etxeetara heltzen da paper euskarrian. Argitalpen honek irakurketa dinamikoagoa eskaintzen du, edukiak aberastu egiten dabezan bideo, argazki-galeria eta esteken bidez.

Apirileko alea, hiru ardatz nagusiren inguruan eratu da: Aste Santua, pregoia eta prozesinoak, alkarrizketa Anabella Barrosori eta erreleboa Bilboko eleizbarrutiko Biblioteakan, Ander Manterola eta Jaime Lopez de Eguilazen arteko solasaldiagaz. 

Alkarrizketa Anabella Barrosori

Ale honetan, leku nabarmena eskaini jako Anabella Barrosori. Hogeta hamar urte inguru da Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboko arduradun izendatu ebenetik, eta bera da Espainiako Eleizako Artxibozainen Alkarteko presidente izendatu daben lehenengo emakume laikoa. 

Multimedia agerkariak luze eta zabal eskeintzen dau alkarrizketa hori bere ibilbide profesionalaren barri emoten daben bideo-txatalen, artxiboko irudien eta agiri osagarrien bidez. Gainera, hainbat kontutan sakontzea ahalbidetzen dau: emakumeen egitekoa Eleizan, artxiboen gizarte egitekoa, agirien bidezko oroimena jagotea eta funts historikoen digitalizazinoaren erronkak. 

Anabella Barroso
Anabella Barroso

Belaunaldien arteko erreleboa eleizbarrutiko Bibliotekan

Ander Manterola eta Jaime Lopez de Eguilazen arteko solasaldiaren bidez azaltzen dira eleizbarrutiko Bibliotekan izan dan erreleboaren ingurukoak. Berrogeta hamar urtetik gora erantzukizun hori izan dauan Manterolaren lekua Lopez de Eguilazek hartuko dau. 

Euskarri digitalean, arduradun bien arteko bideo-alkarrizketa jaso da, bibliografia funtseko argazkiagaz eta erakundearen bilakaera dagokion testuinguruan kokatzen daben lagungarriakaz. Solasaldian, gaur-gaurko gaiak jorratu dabez: digitalizazinoa, funts berezien katalogazinoa eta eleiz liburutegien arteko lankidetza.

Jaime Lopez de Eguilaz eta Ander Manterola

Zuzendaritzako aldaketaz harago, liburutegia harrera, kultur hedapen eta oroimenaren zaintzarako leku dala nabarmendu da.

2026ko Aste Santua

Multimedia argitalpenean, Aste Santuak be leku nabarmena dauka. Fernando Marcos Ayjon lurralde bikarioaren pregoiaren bideoa ikusi daiteke eta, On Joseba Segura gotzaina buru dala ospatuko diran eleizkizunen barri emoten da. 

Beste gai batzuk

 Aitatutakoez gainera,  beste hainbat gairen ingurukoak be jaso dira euskarri digiltalean.

Esate baterako, martxoaren 8ari lotura, Balmasedan, Sestaon, Amorebieta-Etxanon, Igorren eta Markina-Xemeinen burututako ekitaldiak, Caritas Bizkaia erakundearen kanpaina eta lekukotasunak, Bizkaian sinodo-prozesuaren inguruan egindako batzarren ikus-entzunezko laburpenak eta “Danok danontzat” bokazino-ekimenaren aurkezpena. 

Misino eta kultur arloko edukiak be luze eta zabal aurkeztu dira, esate baterako Semillas de Kivu dokumentalaren inguruko zine-forumari dagokiozanak eta Eleiz Museoaren eta katedraleko Musika-kaperaren lankidetzak. 

Eleizbarrutiko barriak klik baten. Etxean jaso gura dozu?