19-04-2024 Viernes, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak
09.04.2023

Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Astean nabarmendu diran barrien laburpena dan aste honetako ‘Astekoak’ sailean, Eleizbarruti osoan ospatuko diran Aste Santuko eleizkizun eta jarduerak azpimarratu daitekez.

Eleizbarrutiaren hedabideek, bideoan zein audioan eskainiko dabezan zuzenekoen barri emon da. Web honek eta bere Youtube kanalak zein Herri Irratia-Radio Popularrek eta Bizkaia IRratiak zuzenean emongo dabez Pazko Hirurreneko eleizkizun guztiak. Web orrialdearen bidez, On Joseba Segura gotzaina buru dala, katedralean ospatuko diran eleizkizunak ikusi ahal izango dira. 

Bilbon eta Berrizen  Pazkoak ospatzeko batuko diran 250 gazteak be mintzagai izan dira aste honetan webean.

Arkotxan, Balmasedan eta Durangon egingo diran Nekaldiaren antzezpenak eta Bilboko prozesinoak be iragarri dira bizkeliza.org orrialdean.

Leku Santuen aldeko diru-batzea

Urtero lez, Bariku Santuz Leku Santuen aldeko diru-batzea egingo dala azaldu da webean.

Egun horretan batzen dan dirua dala-eta, Ekialdeko Eleizetarako Dikasterioaren 2022ko txostenaren arabera, Lurralde Santuaren aldeko diru-batzeada ditu-iturri nagusia Leku Santuen inguruko bizitzari eusteko eta horretaz baliatzen da Eleiza Ekialde Ertaineko eleiz alkarteei bizirik eusteko. Bertan jasoten danez, Bariku Santuko Kolekta frantziskotarren Kustodiak Leku Santuak, oroimenaren harriak, zaindu leikez eta kristau agerpena, Lurralde Santuko harri bizi, sustatu pastoral, heziketa, osasun eta gizarte egiturei eusteko hamaika jardueraren bidez alkartasuna hedatuz.

Autorpenak

Besteen aldeko zerbitzuaren garrantzia nabarmentzen daben barri bi

Alde batetik, Zallak Karidadearen Alaben lana autortu dau. Bestetik, Bilboko Udalak, Osasunaren Munduko Eguna dala-eta, autorpena egin deutse Bidesari Alkarteari eta Argia eta Gizakia Fundazinoei.

Biztu da!

Baina Asteko barri nagusia, Eleiza osoan ospatzen dan eta asteko egundoko barri lez nabarmentzen dana, Aste Santuari amaiera bikaina emoten deutsan Pazko-eguna da. Jesus biztu da! Aleluia, aleluia!

Pazko zorionak guztioi!