02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak
18.06.2023

Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Gotzain Kontseiluak astelehen eta martitzenez Berrizen ospatu dauan kurtsoko azken batzarraren barri emonez hasten da aste honetako sail hau.

Gotzain kontseilu zabala Berrizko Mesedetako Misiolarien gogarte etxean ospatu zan.

Gotzain Kontseiluak azkenetan dan kurtsoa ebaluatu eban eta 2023-2024 kurtsorako egutegia eta gai nabarmenak landu ebazan.

Paduko San Antonio

Urkiolako santutegian eta honen inguruan San Antonio egunez izan ziran ospakizunen barri be emon da webean.

Gotzaina buru zala ospatu zan meza nagusian, Antonio Madinabeitia, “Joseba Legarza eta On Bittor Garaigordobilegaz batera hiru mosketeroen taldekidea”, izan zan protagonista. Meza Nagusiaren amaieran, gotzainak eskerrak emon eutsazan “apaltasunez eta maitasunez” hainbeste urtez eskaini dauan zerbitzuagaitik eta besarkada estua emon eutsen alkarri.

Antonio Madinabeitiak Abadetxea itziko dau eta Gasteizko abade-etxe batera joango da bizitzera.

Bizkaiko 24 ermita San Antonio eta San Joanen izenpeko dirala gogoratu da Alkarren Barri aldizkarian, hilaren 13an ospatu dan San Antonio egunaren eta 24an ospatuko dan San Joan egunaren haritik.

Alkarren Barri-Comunicación aldizkariak Bizkaiko ermiten errepasoa egiten dihardu. Hil honetako alean, hain zuzen, lurraldeko 24 herri nabarmentzen dira, eurotan San Antonio eta San Joanen izenpeko ermitak dagozalata. 

Datorren zapatuz, ekainak 17, Arratia bailarako eleiztarrak Urkiolara joango dira erreguteak egitera. Aurton, Zeanurikoek antolatu dabe, `Bakegile izan gaitezen- Seamos portadores de paz´ goiburuaren haritik eta horren barri be emon da webean.

Estrella Moreno

Asteko barrien artean, beste hau be nabarmendu da: Estrella Moreno ETPIko zuzendariak doktorego-tesia defendatu dauala.

Eguenez defendatu eban Morenok bere tesia: `Identidades líquidas y conversión cristiana: La propuesta del Evangelio a la generación millennial’.

Lanean, 1981 eta 1993 bitartean jaiotako gazteriak fede katolikoagaz dauan loturan sakondu dau, Eleizaz daben ikuspuntua eta Ebanjelioan jasoten dan Kristoren mezua zelan heltzen jaken aztertuz. Estrellak azaldu dauanez, “neuk aukeratuta, bizitza profesionalean teologiaren zabalkundea izan dot xede, pastoral joera argiaz eta horixe nabarmenduko neuke lan honetan be”. Honen haritik, ikerketan sakontzeko erabili izan dauan bibliografia gehiena Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko liburutegian aurkitu dau, bere esanetan “bere espezialitatea pastoraltza da-eta”.

GMJ eta Afrika

Gainera, webean, gotzainak GMEan parte hartuko daben gazteakaz izan dauan batzarraren barri be emon da.

Eta asteko laburpenean ikusi daitekenez, gotzainak eta Iñigo Iriarte misiolariak domekan hasiko daben bidaiaren barri be emon da webean, izan be, Kongoko Errepublika Demokratikora doaz.

Datozan egunetan bisitatuko daben Xabier Goikouria misiolari bizkaitarrak 57 urte daroaz Kongoko Errepublika Demokratikoan. Bere eskutik ezagutu ahal izango dabez, beraz, Likasin, Mufungan eta inguruetan garatzen ari diran egitasmoak: nekazaritza-kooperatiba, amaetxea, ahalmen-urritasunen bat daben pertsonentzako ospitalea…

Beste hainbat barri

Webean jakinarazo danez, David Garridoren abadegintza atzeratu egin da, denpora gehiago eskatu dau-eta urratsa emon aurreko erabaki hain garrantzitsua sakon hausnartzeko

Monje batek erropak neurrira egitea, ohikoa ez bada be, Ziortzan bada bat liturgia jantzi pertsonalizatuak egiten dituana. Enkarguzko lanak egiten dira, eta eskariak munduko edozein lekutatik jaso daitekez. Aita Luis Martinek orain dala hiru urte, diru-sarrerak izateko bide barria zabalduz, ekin eutsan egiteko honi eta horren ingurukoak be jaso dira webean.

Webean nabarmendu danez, “More Enkarterri SL” enpresaren intraekintzailetzarako egitasmoari emon deutse EkinEkarterri saria lehenengo ekitaldian.

Webean jakinarazo danez, datozan hiru domeketan Berriztik eskainiko dira ETB1eko mezak. Gainera, Migrazinoetarako Mahaiak Greziako zoritxarraren aurrean egin dauan salaketa be jaso da.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak