Ana Zugazak 42 urte emon ditu Bigarren Hezkuntzan. 42 urte horreetatik 25 buru-belarri kudeaketan, idazkari, ikasketa-buru eta zuzendari lez, “baina ikasgelez ahaztu barik”, berak dinoanez. Ohiz kanpoko kasua berarena, izan be institutu bigarren hezkuntzako institutu bateko zuzendari izan da erlejinoko irakasle izanda.
Bizitza publikoan, Ana Zugaza heziketan egon da, emakumeen heziketan emakumearen sustapenerako prozesuetan, feminismoan eta, azken aldi honetan, Arartekoaren batzordean, Eleizako sexu gehiegikerien eta aginte publikoen ikerketa eta azterketarako.
Eleizan, San Frantzisko Xabier parrokian emon ebazan lehenengo urratsak umeen katekista lez eta, beranduago, gazte eta helduen arlora pasatuz. Katekesiaren arloan bertan, katekista eta begiraleen heziketan be jardun izan dau, bai Abando-Albia eskualdean eta bai Eleizbarrutiko beste hainbat lekutan be.
Eleizbarrutiko Pastoral Kontseilua
Abando-Albia eskualdeko eta Bilboko III. bikaritzako Pastoral Batzordeko kide izanda, Bilboko III. bikaritzako laikoen ordezkari lez hautatu eben Eleizbarrutiko Pastoral Kontseilurako. Hemen, presidenteorde aukeratu eben eta On Ricardo Blazquezek izendatu eban. Kargu horretaz jabetu zan lehenengo emakumea izan zan, ordura arte -1996- beti abade bat izan zalako EPKko presidenteorde.
Laikoen heziketarako egitasmoak sustatu ebazan batzordeko kide izan zan eta, beranduako hezitzaileen taldeko kide.
Anak berariazko gaien azterketarako edo estatutuak, direktorioak, egitasmoak, berrantolaketa proposamenak, katekesirako, liturgiarako, heziketarako…, argibideak idazteko askotariko batzordeetan izan da.
Heziketa
Zugazak emakumeek leku guztietan, bizitzan, Eleizan, gizartean…, daben eginkizuna aldarrikatu gura dau: “Nire ustez, heziketa da emakumeen autorpenerako elementu garrantzitsua. Heziketak ahalmena emoten dau eta jenteak, azkenean hori autortu egiten dau, baita Eleizan be. Eleiz arloan, bakarrik gizonek jasoten dabe berariazko heziketa. Azkenean, urrats hori emon dogun emakumeok, gauza bat argi ikusi dogulako emon dogu: heziketaren arloan bardinetik bardinera hitz egiteak autorpena eta ahalmena emoten deutsula”.