09.09.2026

BAMek ikasturte bereziari ekin deutso

2026-2027 ikasturtea berezia izango da Begoñako Andra Mari eskolarentzat. Ilusinoz betetako ikasturteari ekin deutso andereño eta maisu izateko prestatuko diran 700 ikaslegaz eta, gainera, Bilbora, egoitza barrira aldatzeko prestatzen dihardu. Azpiegitura barri hori bat dator eleizbarrutiko unibertsitate eskolaren egitasmo estrategikoagaz.

Ikasturte barrirako matrikulazinoei dagokienez, gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dau gradu bikotxa. Honen bitartez, bost urteko ibilbidean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako titulua eskuratu daiteke. Ikasturte honetan, 32 ikaslek aukeratu dabe gradu hau, ikasleen artean, jakin-min handia sortu dauala nabarmenduz. 

Gainerako tituluen kasuan, 23 ikasle barrik hasiko dabe Haur Hezkuntzako gradua eta eta 60 inguru dira Lehen Hezkuntzako graduari ekingo deutsoe.

Ikerketa, euskera eta gizarte eraldaketa

Jone Ozerinjauregi BAMeko zuzendariak eskolaren egitasmo estrategikoaren ildo nagusiak azaldu ditu. Hauxe da egitasmoaren xedea: “ikerketa bultzatu, gizarte eraldaketara zuzendutako heziketa sendotuz eta ikasleen artean euskeraren eta euskal kulturaren ezagutza eta bizipena sustatuz”.

Jone Ozerinjauregi
Jone Ozerinjauregi (BAMeko zuzendaria)

Gizarte konpromisoa eta ikaskuntza-zerbitzua

Gainera, ikasturte honetan, aparteko arreta jarriko da gizarte konpromisoaren garapenean eta gizarte errealitatearen aurrean ikasleen artean sentiberatasuna biztean. Irakasle izango diranek euren egiteko profesionalerako ezinbesteko diran balio eta gaitasunak jadestea da helburua. 

Honen harira, iaz martxan jarritako Ikaskuntza eta Zerbitzua egitasmoa indartuko da. Egitasmo honek, ikaskuntza akademikoa eta gizarte konpromisoa lotu gura ditu. Ikasle guztiek izango dabe eleizbarrutiko eta hirugarren sektoreko gizarte erakundeetan, hau da, besteak beste, Caritas, Bidesari, Artizar, Gorabide, Euskal Herriko Eskautak, FIdias Fundazinoa edo AHIDA erakundeetan, parte hartzeko aukera. 

Gainera, denpora gitxi barru antolatuko da boluntario lanaren inguruko azoka, ikasleei askotariko gizarte zerbitzu eta erakundeak ezagutzeko aukera emongo deutsena.

Boluntario lanaren inguruko azoka: irailaren 25ean, 10:00etatik 14:00etara.

Pastoraltza eta GAEA heziketa

Pastoral arloan, BAMek espiritualtasuna, barruko garapena eta hazkunde pertsonala eragiteko ekimenak bultzatuko ditu. Jarduerok, GAEA (Gaitasun Akademikoaren Eleiz Adierazpena) erlejino-eskolak emoteko ezinbesteko dan tituluari lotutako heziketagaz osotuko dira. Azken baten, andereño eta maisu izango diranei osoko heziketa eskeini gura jake ikuspuntu gizatiar, etiko eta transzendentetik. 

Kurtso honetan, 34 ikasle barri matrikulatu dira GAEA ikasketetan.

Egoitza barria martxan

Erakundeak egoitza barria prestatzen eta egokitzen dihardu kurtso barriari begira. Azpiegitura barri hau bat dator eskolaren egitasmo estrategikoagaz. Etorkizuneko heziketa-ereduari erantzuteko diseinatu da. Beraz, maisu eta irakasle izango diranen heziketarako barritzaile eta egoki diran eremuak eskeintzea da helburua.