10-05-2025 Sábado, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 BECen ospatuko da Bizkaiko Eleizaren 75. urteurrena ospatzeko azoka nagusia
08.05.2025

BECen ospatuko da Bizkaiko Eleizaren 75. urteurrena ospatzeko azoka nagusia

Maiatzaren 17an, BECen ospatuko da "Eleiza plazara" azoka, Bilboko eleizbarrutiaren 75. urteurrena ospatzeko. Bilboko erakustazokan, eleizbarrutiaren sorreraren urteurreneko ekitaldi nagusia ospatuko da. Ekitaldian, 80 standetik jora jarriko da, eta beste makina bat gauza eskainiko da: 34 jarduera, 14 tailer, klausurako lau monasteriotako gozokiak, kapera, eszenatoki handia emonaldietarako eta Eukaristia.

Hauxe izango da urteurreneko ekitaldi nagusia eta atzo aurkeztu jaken erakunde partaideei. Carlos Bargos Bilboko eleizbarrutiko idazkari nagusiak Bizkaian dan Eleizaren askotariko errealitateak agertuko dituan egitaraua ezagutzera emon eban. 

BEC erakustazokako ateak 10:00etan zabalduko dira eta 11:00etan emongo jako hasiera ofiziala ekitaldiari, Bilboko gotzaina buru dala. Amaya del Campo Barakaldoko alkatea, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Demografia-erronkarako sailburua eta Begoña Pedrosa Heziketarako sailburua ekitaldian izango dira.

Kit de la paz- Bakea erein

Euskal Herriko eta Nafarroako gotzainek  aste honetan aurkeztu daben ekimena martxan jarriko da Eleiza plazara azokan, BECen. Partaideei dei egingo jake “bakea eta itxaropena ereiteko kita” osotu daien. Keinu sinboliko honen bidez gizarte baketsuagoaren eraikuntzaren aldeko gogoeta biztu gura da. 

Poltsatxo bakotxean, kandela eta lore-haziak dagoz, bakotxak bere etxean erein eta zaindu daizan, adiskidetasunaren hazkundearen metafora lez. Partaide bakotxak bere poltsa pertsonalizatzeko aukera izango dau, horretarako esaldi esanguratsu bat idatziz edo gaiaren inguruko marrazkia eginez. 

Ordu bateko Eukaristian, poltsa guztiak bedeinkatu egingo dira eta bakearen ohikunean, eleiztarrek poltsak trukatu egingo dabez, alkarri bake eta adiskidetzea opatuz.

Lurralde Santuaren aldeko diru-batzea

Mezaren aurretik, prozesinoa egingo da Begoñako Amatxu buru dala eta eleizkizunean batu daiten diru guztia Lurralde Santuko jagoleentzat izango da. 

Egitaraua

Banatuko dan egitarauan jasoten dira jentetsua aurreikusten dan ekitaldiko jarduera guztiak. 75. urteurreneko abestia be agertzen da, urteurrenerako prestatutako otoitza eta BizkaiBiraren inguruko barriak. 

Carlos Bargos, secretario general de la diócesis y Diego Bahillo, miembro de