Abuztuaren 20tik 24ra egingo dan bidaia honen bidez Bizkaiko Eleizaren eta Vietnameko Eleizaren arteko loturak estutuko dira. Hain zuzen be Vietnamen martiritza jasan eben 117 lagun -tartean 11 espainiar- santu autortu ebazan san Joan Paulo II.ak 1988an (375 x 300 zentimetroko margolana mihise gainean inprimatuta)
Ondare historikoa: martirien margolana eta kopia barriak
Lotura honen ikurrik hunkigarrienetakoa vietnamdar martirien margolan originala da, monja domingotarren Elorrioko komentuan dagoana, bertan San Balendin akolito izan zalarik. Artelan honetan, vietnamdar kulturako osagaiak ikusi daitekez eta baita Hanoi, Hue eta Saigoneko katedralen irudiak, eta biziki hunkitu eban Mons. Joseph Vü Vän Thiên Hanoiko gotzaina, 2024ko abenduan Elorriora egin eban bisitan.
Jatorrizko margolana dohaintzan emoteko aukerarik izan ez bazan be, Bilboko gotzaitegiak neurri bereko kopia bi agindu eta bialdu ebazan Vietnamera. Hanoiko gotzain jauregian eta eraikitzen diharduen vietnamdar martiri santuen santutegiko museoan egongo dira ikusgai.
Oroimen eta federako santutegia
2026an inauguratzea aurreikusita dagoan So Kien santutegia martiriei -besteak beste San Balendin eta Jeronimo Hermosila (Logroño) eta Pedro Almato (Bartzelona) lako espainiar misiolariak- ohore egiteko leku nagusia izango da. Bertan, Vietnameko ebanjelizazinoari lotutako erlikiak, objektu historikoak eta lekukotasunak jasoko dituan museoa egongo da, atzerriko misiolarien eta bertako fededunen egitekoa nabarmenduz.
On Joseba Segura gotzaina buru izango da abuztuaren 23an So Kienen ospatuko dan jubileu mezan eta orduan emongo deutsez San Balendinen erlikiak. Gainera, Phat Diem, Bui Chu eta Hai Phong -bizkaitar santuari estu lotutakoa- eleizbarrutiak bisitatuko ditu eta lau martiriri eskainita dagoan eta oraindik eraikitzen diharduen Hâi Duongeko santutegian Eukaristia ospatuko dau.
Kulturen arteko zubia: Hoat Bui Van vietnamdar abadearen partaidetza
Gaur egun Gasteizen heziketa-prozesuan dan aita Hoat Bui Van Hanoiko abadea joango da Bilboko gotzainagaz batera. Santa Klara parrokian laguntzen dauan eta Nafarroako Unibertsitatean doktoretza egiten diharduan aita Hoatek adierazo ebanez, “ohorea da nire Eleiza bien arteko alkartze honetan parte hartzeko aukera izatea”.
Vietnamen, azaroaren 1ean, martiritza jasan eban egunez, ospatzen dabe San Balendin eguna, prozesino jentetsu eta dantza erlijiosoakaz. On Joseba Segura gotzainaren bisitak, euren bizia fedeagaitik emon eben martirienganako herri bien debozinoa batuz, mugak gainditzen dituan lotura sendotu egingo dau.